Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Nahasmenduaren nahasmendua

2019ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Tarteka egiten diren inkesten arabera, herritar gehienek pentsatzen omen dute ezkerrak hobeki birbanatzen duela aberastasuna, eta justizia sozialaren defendatzailea dela, eta eskuinak, aldiz, trebeziaz jarduten duela ekonomian. Eskuinak funts publikoa kudeatzeko dohain berezia duela esan ohi da, bikaina. Ez da nire helburua herriak dioena zalantzan jartzea —Pedro Sanchez Espainiako presidenteak berriki jakinarazi digu «espainiarrek, bozkatzen dutena bozkatzen dutela, beti asmatu egiten dutela»; Andaluziako hauteskundeak izanen ote zituen buruan diskurtsoa prestatu bitartean?—baina, mesedez, nahi nuke norbaitek argitzea zer den kudeaketa bikaina kontzeptua, antza ez baitut esanahia ongi harrapatu. Lagunak bikaina beharrean ona zer den azalduta ere konformatuko nintzateke. Nafarroako eskuinak diseinatutako hainbat proiektuk eta hartutako erabakiek sortu didate nahasmendua.

Esate baterako, Iruñeko Labriteko pasabidea. Txantreatik Alde Zaharrerako bidearen gainean dago eraikuntza, eta hobe da gora begiratzea azpitik pasatu bitartean, badaezpada ere. 2010ean egin zuten lana, Yolanda Barcina alkatearen gobernuaren agindupean, 2013rako lehenengo akatsak antzeman ziren, eta 2016an itxi zuen egungo Udal gobernuak, zati batzuk erori zirelako. Martxoan desmuntatuko dute. Nik ez dut pasabidea zeharkatu, eta badirudi ez dudala inoiz 1,2 milioi euroko ingeniaritza lanetik pasatzerik izanen.

Pasabidearena ez da kudeaketa bikainaren teoria kolokan jartzen didan adibide bakarra: oraindik ere are nahasgarriagoa da Nafarroako Kutxaren auzia. 2001ean sendo funtzionatzen zuen kutxa 2013an desagertu zen, UPNren gobernuaren eta gobernuak ezarritako zuzendaritzaren kudeaketaren —kudeaketa bikainaren?— eta ikuskaritzaren — ikuskaritza apartaren?— ondorioz.

Zaila egiten zait sinestea turbokapitalismoaren defendatzaileek sektore publikoa bikain, egoki edo ongi kudeatuko dutela; baina seguruenik ni egonen naiz oker, inkestek ez baitute huts egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.