Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Ametsetako etxeak

2019ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Atzoko BERRIAn irakurri nuen«lagun bat» hil dela Donostian, «sute baten ondorioz». Etxea ez zen berea, okupa bizi zen beste lagun batzuekin. Heriotzaren kontura beste lagun bat elkarrizketatu zuen Manu Etxezortuk Euskadi Irratian: «kale gorrian» bizi den andre bat, bost seme-alabaren ama. Milaka etxe huts dauzkan aberri batean etxerik gabeko jendea dago. Euskadi aurrera. Garaia da. Tolosa hiribidean hildakoaz gainera bi lagun «ospitalera eraman behar izan dituzte».

Atzoko Le Monde-n Grégoire Allixek idatzi du frantsesen %80k banakako etxe bat nahi duela. Frantzian %56 da banakako etxe bat.

Batzuk kapitalismoaren kaltearengatik daude etxerik gabe. Eta beste batzuk, kapitalismoaren funtsa den indibidualismoaren infernuko lorian: banakako etxea amets. Olibet-Etxeberrieta eta Sanduzelai konspirazio komunista balira bezala. «Hirigintzako adituek duela urte asko nabarmendu dute dentsitatearen aldeko pedagogia egin behar dela», antza Frantzian neurri legalak ere hartu dituzte, baina ez dago modurik: nork berea nahi du, bere lorategia, bere hipoteka, bere garbigailua, bere wifia, bere gas-galdara, bere kotxea, bere bigarren kotxea. Frantziako ia udalerri guztietan (hirigune handietan salbu) jendearen %80k baino gehiagok etxetik lantokira joateko kotxea behar du. Euskal bidea ere hori da. Agian, azken hilabeteotan Hegoaldean izan diren oposizio legal bezain mirrinak antolatu aurretik, horretan ere pentsatu beharra zegoen: ez prentsa protokoloetatik baizik eta osasungintza-hezkuntza-arte-irakaskuntzatik, langileen bizi baldintzetatik eta ekologiatik. Aurrera eta atzera. Astelehenetik ostiralera. Kotxean doan herrian. Tot un poble en moviment ez ote den, egin dugun interpretazio literalean, neoliberalismoaren amesgaiztoaren enegarren aldaera.

Lagun bat hil da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.