Garazi Arrula Ruiz.
LARREPETIT

Metxak

2019ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Egunotan bolo-bolo ibili da Inda eta Casadoren bisita zapuztua Koxka tabernara: ez zaie nahi bezala atera. Eta halere, hor dabiltza oka egiten, ez direnak esaten, ongi ikasia baitute lezioa: botatzen dituzun gezur guztien artean, zerbaitek utziko du hondarra. Horixe baita fake news edo albiste faltsuen xedea. «Biral egitearen ondorioz, biztanleriaren parte batentzat errelato sinesgarri bilakatzen dira», ondorioztatzen zuen Kataluniako Ikus-entzunezko Kontseiluak iaz argitaratutako azterketaren txostenean. Jakina da Trumpen kanpainaren ingurukoek albiste faltsuak munduan zabaltzeko guneak sustatu zituztela, eta Bolsonarok ere sare sozialen bidez gezurrak zabaltzen egin zuela kanpaina. Orain berdin ari dira Venezuelarekin, oka eta oka; badira agentziak ongi azterturiko beharren arabera albiste faltsuak berariaz sortu eta lau haizeetara zabaltzeko. Alex Rayon ibili zen garai batean Boulevard irratsaioan horiek bistaratzeko ahaleginean, eta berriki sortu da Diablo de Navarra gunea, periodiko salduena biluzteko sortua.

Sukalderaino sartzen zaizkigu batzuk, azala erretzen digute orbana uzteraino. Aste honetan hamabost urte bete dira Madrilgo Atocha geltokiko lau trenen kontrako atentatutik. Nork bere memorian iltzatuta izanen ditu hurrengo orduak, drama, klima itogarri eta goria. Batek baino gehiagok baliatu zuen nahasmena ETAri atentatuen egiletza leporatzeko, eta hala zabaldu mezua, hala piztu metxa, adierazpen ofizial eta salaketa elkarretaratzeak barne.

Metxak ez dira berez itzaltzen, ezpada zerbaitek huts egiten duela, Indaren ahotzarra kasurako. Eta, putz eta putz eginda muturrera ailegatzean, eztanda. Bat: bi espainolisten bisitaren egun berean jakinarazi zuen apelazio auzitegiak berretsi egiten zuela Altsasuko gazteen kontrako zigor mendekuzkoa. Bi: aurten hamabost urte dira polizia nazional batek eta bere semeak tiroz hil zutela Angel Berrueta, Donibanen zuen okindegitik hurbil. Metxak kea soilik balekar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.