Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Beste bat

2019ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Errezel urdin erraldoia mekanikoki itxi egin zen. Eta anaia mikrora gerturatu eta esan zuen: «Pertsona on bat izan zen, agian onegia». Baina ordurako, gertatutako guztiak zuen zentzu diferente bat. Hilerrira itsatsitako errausketa gela hartan egoten diren ohiko agurren diferentea esan nahi dut. Jendartean infiltratutako koruko abeslariek eman zituzten bi abesti ezagun horien hitzak berak inoiz ez bezala interpretatu genituen. Ez da berdin entzuten Urepelekoa suizidioa tarteko badago: «Lotura guztietatik, gorputzaren mugetatik, aske sentitu nahirik». Ihesetan joatea, halakoetan, beste zerbait da. Ihes horren ostean ez dago bakerik bizirik geratzen direnen artean. Eta gauza bera gertatzen da txoriarenarekin: zer da hegoak ebakitzea txori izateari utzi nahi izan zuenaren kasuan?

Han elkartu ginen bakoitzarentzat pertsona ezberdina zen bera. Eta sarri friboloa ere bada «ez dakit beilatokira joan behar ote dudan» zeure buruari galdetzea. Zoaz. Errausketa labearen atean bazen gizon edadeko bat bere ezagun baten auzokidea zela bazekielako joan zena. Ongi egina. Zeren hori gara: gertukoen kate bat, jende arrunta eta soila. Niretzat, bereziki, bera ezagutzen ez nuen garaian amonari egunkaria saltzen zion gaztea izan zen. «Ez nekien Pilar zure amona zela» esan zidan. Eta ordutik, niretzako, aspaldi hildako amonaren ordezkaria zen: ikusi zuen lehenengo aldian eskuineko egunkari bat hartuko zuela uste zuena eta Gara hartuta euskaraz hitz egiten zion andre xaharra.

Baina ez dezadan iskin egin. Estatistikak hor daude. Heriotzara iristeko hamargarren arrazoia da suizidioa, urtero 800.000 lagunetik gora. Gizon gehiagok egiten dute herrialde guztietan (EHn emakume bakoitzeko hiru gizonek, Errusian lauk). Europan gertatzen ei da gehien. Guztioi gertatu zaigu behin baino gehiagotan. Eta, ordea, ez dugu aurrez aurre lantzen gaia.

Nekez egingo dugu beste mundurik, nekez jarriko dugu bizitza zentroan, heriotzaz eta suizidioaz hitz egiten hasten garen arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.