Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Festa

2019ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Joan den larunbatean, Altsasuko Burunda frontoian, Sakanako Euskal Eskola Publikoaren jaia egin zen. Sortzen-eko kideek ez zuten eguraldia lagun izan, eta eguzkipean egitekoa zen ekitaldiak pilotalekuan hartu behar izan zuen babes. Egia da ospakizunaren helburuetako bat ez zela bete, antolatzaileek eskola zokotik ateratzeko asmoa baitzuten, urtean, urtetan, egindako lana Sakanako jendartean zabal zedin. Ezinezkoa izan zen aurreikusitakoa betetzea, baina, bestalde, jende andana bildu zen frontoian eta pilotalekua euskal eskola publikoaren aldeko lagunez mukuru ikustea irudi ederra izan zen. Etxarritik, Arbizutik edo Urdiaindik iritsitako haur, gazte zein helduak altsasuarrekin bildu ziren Sakanako festan, giro alaian. Horrelakoetan maiz gertatzen den bezala, hainbat ordezkari politiko ere han bertan izan ziren, euskal eskola publikoari sostengua emateko. Beste batzuek, ordea, eguna beste nonbait igarotzea erabaki zuten. Adierazgarria izan zen batzuen jokabidea zein besteena.

Hurrengo egunean, igandean, Iruñeko Takonera parkean, Nafarroako Eskola Publikoren jaialdia ospatzekoa zen. Atzera ere, Sortzen-eko kideek ez zuten eguraldia lagun izan, eta, tamalez, jarduera ugari bertan behera geratu ziren. Ekimenak leku itxiaren babesik aurkitu ez bazuen ere, hasiera ekitaldian euripean bildutako zenbait euskaltzaleren sostengua jaso zuen, behintzat. Aterkien azpian pilatzen zirenen artean, horrelakoetan ohi den bezala, hainbat politikarik adierazi zioten engaiamendua eta elkartasuna guziontzat eta guziona den eskolari. Beste ordezkari politiko batzuek, ordea, beste nonbait bilatu zuten eginbeharra. Akaso ez ziren agertu euskal izenondoa bere sentitzen ez zutelako; agian, publikoa izan zen uxatu zituen adjektiboa. Nolanahi ere, esanahitsuak gertatu ziren batzuen zein besteen jokamoldeak, heldu den igandean Nafarroa Garaiko hauteslekuetan egitekoa den «demokraziaren festan» kontuan hartzekoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.