Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Axolagabekeria

2019ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Mallorcan naiz aste honetan. Duela sei hilabete gure arreba borrokan hasi zen bularrean kokatu zaion kolono okupatzaile baten kontra, eta aste honetan inbaditzailea erabat kanporatzeko bataila erabakigarria izan du —beste bat—; gudua irabaztera, la lutte finale, azken borroka, izan liteke. Pikutara metafora epikoak: ebakuntza egin diote arrebari Incako ospitale publikoan, sendagileak primerako profesionalak dira, Marta indartsua da zentzu guztietan eta tumorea laster iraganeko kontua izanen da, horretaz ziur gaude.

Aitortu behar dut familia egoera dela eta ez diedala gai «garrantzitsuei», «aipagarriei» edo artikuluan «erabilgarriei» arreta jarri, interesa galdu dut nolabait. Ipar Koreako literaturari buruzko artikulu atenporala —gurera ekarria, noski— nuen euskara ez goxo eta ulergaitzean idatzia horrelako trantze baterako, baina urduritasuna eta aztoramendua zirela medio Antsoainen utzi dut. Ebakuntza asteartean egin zioten arrebari, eta horregatik ez dakit zer gertatu ote den Nafarroako Foru Erkidegoaren Egunean, ez aurrekoetan, ez ondorengoan. Espero dut Parlamentuaren Urrezko Domina euskara bultzatzen eta zaintzen duen erakunderen bati eman izana, zubi foralaren pilarea Euskararen Nazioarteko Eguna ere badela baliatuta. Gainera, horrela izan balitz, nahi nuke erabakia aho batez hartu izana, baina lepoa jarriko nuke ez dela posible izan, euskaldunon hizkuntza eskubideen aurka aritu diren alderdi batzuek hipokrisia erakustaldi handiegia egin behar baitzuketen erabakia hartzeko. Ez dakit, eta esan behar dut oraingo egoeran Euskal Autonomia Erkidegoko estatutua bezain gutxi interesatzen zaidala. Nafarroa kontuan hartu ote dute? Paradoxikoki, On Jaime Ignacio del Burgo nafarra testua idazteko adituen artean izateak Nafarroa ez aipatzea bermatu behar luke. Zeinek daki? Are gehiago, zeini axola zaio?

Lehenbailehen berreskuratu nahi dut «munta handiko gertakarien» gaineko interesa. Arrebak eta biok premiazko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.