Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Giza baliabideak

2020ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Aitortu behar dut Black Mirror telesaila ikusteari utzi niola ikusten nuenero artegatasun izugarria uzten zidalako. Sentsazio bera eragin dit Marta Peirano (Madril, 1975) kazetariari BBCn egindako elkarrizketak. La economía de la atención (Arretaren ekonomia) liburua idatzi du, eta bertan esaten duenak ez du egungo argazki ederrik uzten. Ez omen gara hain zoriontsuak eta eraginkorrak menpekotasunak jota gaudelako. Sare sozialak, telebista bizkorrak, entzuten duten bozgorailuak, sakelakoak, sarea... Gure bizitza atseginago eta errazago egiteko sortuak ziren gailu eta tresnak gure bizitzaren jabe egin ei dira. Borondatea galarazi nahi digute. Androidetuta nahi gaituzte. Giza baliabide garenetik otzanagoak gara, nonbait.

Zoriontasuna galdu omen dugu, baina zoriontasun sentsazio mengelik ez dugu sentitzen. Zoriontasun nahia eta horren gabeziak uzten duen zulotzarra oso lotuta daude bizi gaituen kapitalismo basati honekin. Zoriontasunarekin engai(n)atu (nahi) gaituzte. Einstein goraipatuak bide zuen horretarako gakoa. 1922an, Tokioko hotel bateko zerbitzariari eman zion eskupeko berezia: bere eskuz idatzitako eskuizkribu bi. Zoriontasunerako gakoak omen zekartzan eskuizkribuotan, nork, eta Mileva Maric emaztea zenarekin gako horiek aplikatu ez zituenak. 1'32 milioi eurogatik saldu dituzte enkantean,eta Hanburgoko zorigaiztokoomen den batek erosi ditu. Kaliforniako irakasle den Sonja Lyubomirsky irakasle entzutetsuak zoriontasunaren gaineko ikerketak egin ditu hamarkadatan. Lyubomirskyk dioen bezala,geneak (%50), bizi baldintzak(%10) eta norbere jarduna (%40) dira erabakigarriak zoriontasunerako; eta ez da jomuga, bidea da, horixe da behin eta berriz dioena. Deskonexioa, haustura, hasi behar ditugula, irakurle estimatua, alegia, haragi eta hezurretara egin behar dugula buelta. Makila hartu eta Agate deuna abestera noa, lurrari deiadar egiteko tenorea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.