Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Txaloak

2020ko martxoaren 26a
00:00
Entzun

Zaila izaten da berri itxaropentsua aurkitzen garaiotan. Aitortuko dut plagiatzeko prest nengoela zutabea idazteko inspirazio bila abiatu naizenean, baina desesperazioa besterik ez dut aurkitu hedabideetan. Wuhanen –munduko alde honetako gehienok ikasi dugu non dagoen Wuhan, zenbat lagun bizi diren han eta zer ohitura dituzten– egoerari buelta emateko bidean direla irakurri dut berripaper batean, eta argi izpi bat piztu zait. Nire etsipenerako, berehala itzali da, albiste berean irakurri baitut okerrena iristeko dagoela Europan eta izurriak Amerika osoa hartu duela. Ez dut Afrikaren gaineko aipamenik irakurri, eta une batez pentsatu dut ezkutuko albiste pozgarria izan zitekeela; no news, good news dio aforismo anglosaxoiak. Segundo bakarra behar izan dut oroitzeko albistea ez dela Afrikaz ari, albisteak, oro har, Afrikaz aritzen ez direlako.

 

Baikorra iruditzen zitzaidan osasungintzako langileek egunero jasotzen duten zenbait herritarren esker onaz aritzea, besteak beste arloko lagun hurbilek adierazi didatelako hunkitu egiten direla txaloak aditzen dituztenean. Kaka, horretaz ere ezin idatzi, ahots prestigiotsuek jakinarazi baitute horrelako adierazpenak sobera direla. Sistemari mesede egiten omen diogu balkoietara txalotzera ateratzen garenean. Ez dakit. Pentsatzen dut bateragarria dela Osasunbideko langileen lana eskertzea eta aldi berean salatzea gobernuen politika neoliberalek egitura publikoa deuseztatu dutela murrizketen eta pribatizazioen bitartez. Sanitarioei aitortza egitea ez da oztopo, nire ustez, biztanle askoren bizi kalitatea kaltetu duen lan-erreformaren kontra egiteko. Edo armadaren parte hartze altruista arbuiatzeko eta etorkizunean ekar ditzakeen ondorio larriez abisatzeko. Edo lehendakarien eta presidenteen «ekonomiaren aldeko apustua» herritarron osasunaren kontrako jokaldia dela zabaltzeko. Harrigarriro, txaloak gaitzesten dituzten zenbaitek beren buruari txalo jotzen diote etengabe; lagun min batek –horra hor plagioa– ohartarazi dit seguruenik horregatik ez dutela gainerakoak txalotzeko astirik izanen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.