Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Sistemaren erabateko porrota

2020ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Astearte goizean eman dute berri asaldagarria, sekula entzun nahi ez duzun horietako bat. Ez dugu bere izena ezagutzen —hobe horrela izanda—, ez dakigu non jaio zen, ezta Tuterara joan aurretik zein lekutan bizi zen ere. Zabaldutako informazioaren arabera, badakigu bederatzi urte zituela eta duela gutxi Nafarroako gizarte zerbitzuak zaintza kendu ziola amiñari, andreak ezin zuela umearen zaintza bere gain hartu iritzita. Gurasoak beren herrialdera itzuliak zirela ere jaso dugu, eta, inork jakinarazi ez badigu ere, familiaren egoera sozioekonomikoaren gaineko nola-halako ideia eratu dugu buruan. Ez dakigu zergatik egin ote duen edo erabakia hartzeko arrazoi zehatzik ote zuen. Ez dugu zalantzarik sistemak huts egin duela, erabat, eta porrotaren ondorioa ankerra baino ankerragoa izan da: bederatzi urteko haur batek bere buruaz beste egin du Tuteran, Nafarroako gizarte zerbitzuen esku zegoen bitartean.

Administrazio publikoaren betekizuna da haurren ongizatea bermatzea, eta behar diren baliabide guziak eskura jarri behar ditu umeen eskubideak bete daitezen; eta honetan, tamalez, bistan da kale egin duela. Inguru osasuntsu batean bizitzeko eskubidea zuen haurrak, bere gaitasunak garatu zitzan eta maitatua, baloratua eta errespetatua sentitu zedin. Administrazioari zegokion eskubidea betetzea, eta ez du lortu. Familia, eskola, hezitzaileak, Justizia saila, psikologoak, gizarte zerbitzua; umea esku horietatik guzietatik pasatu da eta sistemak krak egin du punturen batean, ez dakigu zeinetan, edo batean baino gehiagotan, edo osorik, auskalo. Nafarroako administrazioaren lana izanen da aztertzea zertan egin duen huts, eta behar diren erabakiak hartzea; azterketaren helburuak ez luke izan behar besterik gabe izen propio bati errua leporatzea, sistema herren honen akatsak zuzentzea baizik. Ez dezala berriz horrelako porrot mingarririk eragin.

Umearen izena ezagutu dugu eta nahigabea handitu da gure etxean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.