Samara Velte.
LARREPETIT

Batentzako afaria

2020ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
«Nolakoa izango ote da hemendik aurrerako bizitza soziala?». Osasunari buruzko kezkak pasatuta, galdera sortu zaio bati baino gehiagori. Kontzertuetan bi metroko distantzia mantendu beharko al da? Kalean afaltzea planifikatu beharreko zerbait izango al da?

Suediako jatetxe bat berehala egokitu da, eta lagun bakarrarentzako afariak esperientzia berezi moduan eskaintzen hasi da: bezeroak erreserba egiten du, eta eurek ipintzen diote mahaitxoa zelai baten erdian, kandela eta guzti, hiru platereko bere indibidualtasuna dasta dezan, oso Kaurismakiren estiloan. Helburua «norbere burua ezagutzeko denbora edukitzea» omen da. Bi hileko etxealdia aski ez balitz bezala gure buruarekin dibortziatu nahi izateko.

Alemaniako telebistan Urtezahar gauero botatzen duten Dinner for One film laburrarekin oroitu naiz. Haurtzaroko zati handi bat bertan igaro dugunok fin bete dugu urtero-urtero 1963ko zuri-beltzeko film ingelesa ikusteko tradizioa, ia agindua. Bertan, Miss Sophie deitutako emakume batek bere 90. urtebetetzea ospatu nahi du ohiko bere lau adiskideekin. Arazoa da Miss Sophie dela lagunartetik bizirik geratzen den bakarra; azkena duela 25 urte hil zen. Ordutik, bere zerbitzariak egoera berbera eszenifikatzen du urtebetetze eguna iristen denero: oso modu teatralean, gonbidatuen rola hartzen du, bakoitzarekin topa egiteko erritual berbera errepikatuz.

Errutinaren gorazarrea da Dinner for One. Agian horregatik bihurtu da tradiziozko erritual Alemaniako etxe askotan: jendeak ohikotasunaren segurtasuna nahi du urte aldaketaren bezperan. Errepikapenaren plazera irudikatzen dute zerbitzariaren joan-etorri teatralek —beti toki berean estropezu, beti hitz berberekin topa—, gauzak beti berdin gertatuko diren segurtasun oso british hori, baina agian ez dena hangoa soilik. Agian hemen ere ohiko segurtasun baten bila gabiltza, normaltasun berriari buruzko galderak egiten ditugunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.