Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Bizikletaz

2020ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Bizikleta gauzarik desiratuena izaten da bizitzako une batean; niri gurasoek BH urdin bat oparitu zidaten. Bost urte nituen nik baino urte batzuk gehiago zituen auzoko batekin, Robertorekin, bi gurpildun bizikletan ibiltzen hasi nintzenean.Harrezkero, etengabe inguruan izan dudan elementua izan dela esan nezake, presentzian, eta batez ere, absentzian. Ez dut ondo akorduan, baina hogeita bost urte inguru izango nituen itzelezko kolpea hartu nuenean errepidean behera. Ukondoak, esku-azpiak eta belaunak haragi bizian gelditu zitzaizkidan, gorputza ubelduraz beterik, orkatila okertuta, eta tetanosaren aurkako txertoa ere jarri zidaten. Istripu ikusgarria baina ezer gutxi gehiago bizi izan nuen. Bizikletan ibiltzeari utzi nion, baina elementu poetiko gisa beti gustatu izan zait.

Badirudi XVIII. mendean, ustez, alemaniar batek asmatu zuen gailua etorkizuneko garraiobide nagusia bilaka litekeela gure artean. Londresko Udalak bizikleta mugimendua bultzatzeko diru laguntzak bideratu ei ditu. Parisen ere ari omen dira. Hiri askotan bizikleta eta bidegorrien zabaltzeak egiten ari dira. Krisi klimatikoa gainean dugularik askoren aburuz hauxe izango da garraiobiderik erabiliena eta garbiena. Niri neuri iruditzen zait gure hirietako asko, oraindik, ez daudela nahikoa prestatuta bizikletan aritzeko, aisialdirako ez bada, eta hori ere, mugatua. Izan ere, bidegorrietako asko prestatzen dira goza dezazun bizikletaz, baina ez egunerokoan erabiltzeko, ez behintzat nahikoa segurtasunagaz. Oker egon ninteke, baina bizi naizen hiria ikusten dut eta badira leku batzuk bizikletan beldurgarriak egiten zaizkidanak. Kontua da bizikletak begiratzen hasi naizela. Ez dakit etorkizuneko garraiobidea izango den, ez dakit larrialdi klimatikoari aurre egiteko bere erabilera bultzatuko ote den gure hiri eta herrietan, baina agian niretzat berarekin berradiskidetzeko garaia heldu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.