Blanca Urgell
LARREPETIT

Harrapatuta

2020ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Sarean sekulakoak gertatzen dira etengabe, eta maiz gu konturatu ez. Orkitis zer den asmatu behar, eta Google-n Nabarmendutakoak atalean barrabil handitu batzuk iltzatuta gelditu zaizkit, fitxa berria ireki nahi dudan bakoitzean hortxe daudenak. Ooforitis zer den ere begiratu dut, baina obarioen argazkirik ez da agertu, ostera. Horrek noizbait norbaiti nitaz zerbait adieraziko ote dion pentsatu orduko nabigazio-historia nola ezabatuko jarri naiz. Azken ordua ezabatu dut, eta zer agertuko? Berriro argazki bera, bai. Semea baletor. Dena ezabatzea erabaki dut, eta, jakina, gehiegi ezabatu dut. Zer egingo diogu: eposta-eta, denak berriro ireki behar eskura izateko.

Lagun batek dena ezabatzen du egunero obsesiboki. Ez du (oraingoz) zilarrezko paperarekin egindako kapelarik janzten buruan. Ez du (gehiegi) atzera begiratzen elkarrekin pasieran gabiltzanean. Ordea, telefono deiak, guatxapak eta ordenagailuko historia osoki garbitzen ditu. Ez du inoiz kokapena baimentzen. Berak badaki gobernuek zelatatzen gaituztela bide horietatik guztietatik, eta ziurrenik erraz asma ezin ditzakegun besteetatik ere bai. Berarekin honetaz hitz egiten dudanean, halako bat sortzen zait, baina gero berehala joaten zait. Zer jakingo dute nitaz? Dena, esaten dit berak. Alabaina, arazoa ez omen da gure ideia politikoak jakitea. Ez omen dabiltza gu harrapatu nahirik, ea disidenteak garen edo lehergailuak egin nahi ditugun, antigualeko sistemetan bezala, baizik eta kartzela baino eraginkorragoa den bide batetik: gure desiren bitartez.

Horrela deskubritu dut Lur planeta gobernatu nahi duen instantziaren batek pentsatu duela nire desira intimoena lorez ondo hornitutako zapatak eta jantziak direla. Hippy-xamartasunaren gailurrean egon nahi dudala. Edota hippy-xarmatasunarenean. Zenbat lore gehiago, desiratuago. Orduan bai sinestu diot lagunari. Harrapatuta nago. Laguntza!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.