Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Arraroa

2020ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Milaka hitz ditu hizkuntza bakoitzak eta hilabeteotan bizitzen ari garena kontatzeko bakarra gailendu da: arraroa. Eta esango nuke ingurukoetan gauza bertsua jazotzen dela: norbaitekin hitz egiten duzunean eta bizi dugun sasoia deskribatu behar duenean izenlagun hau aipatuko dizu.

Sasoi arraroak dira, bai, baina soilik arraroak? Hizkuntzaren ekonomizatzeak berarekin dakar txirotzea, eta honetan agerian gelditu zaigu. Gauza asko esan genitzake: garai ezberdinak direla, ikusi gabekoak, pentsa-ezinak, asmatu bakoak, ezinegonekoak, susmaezinak... Hitz bakarrarekin ere konpon genezakeen kontua: bitxi, arrotz, estrainio, xelebre. Badakit ñabardurak dituztela berbok, baina oro har euretako edozein erabil genezakeen pandemia honi laguntzeko. Orduan, zer gertatzen zaigu? Zergatik ez gara gai arraroa berbatik gora beste zerbait pentsatzeko, esateko, botatzeko?

Buelta asko eman dizkiot honi egunotan. Galdetu ere egin dut. Ingurukoek, batik bat, hitz hau erabiltzen dute eta eskatu diedanean beste berba batekin azaltzeko hau dena, oro har, pentsatzen geratu dira.

Ez dakit zergatik gertatzen den hau. Egongo da, hor nonbait, sare sozialen ondorioa dela esaten duenik; izan ere, garaiotan dena omen da sare sozialen erantzukina. Alegia, errua beti hor kanpoan dagoela. Nik uste dut irakurzaletasunarekin duela zerikusia. Hots, gero eta gutxiago irakurtzen dugula literatura, eta ondorioz, eleberri edota ipuinbatean (poema batean ez dut esango hau zientzia fikzioa baita) aurki genezakeen hitz ezezagun hori ez dugula aurkitzen. Eta ez dugu ikasten. Baina arraroa berbarekin txundituta nago. Izan ere, badago modurik berba hori esan barik bizi duguna azaltzeko eta deskribatzeko. Egin ezazu proba; bazter ezazu arraro berba aste batez, eta ea zenbat eratara moldatzen dituzun esaldiak bizi gaituzten aro ezohikook kontatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.