Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Non dago Benjamin, kritikoa?

2020ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Gaurko egunez duela 80 urte suizidatu zen Walter Benjamin. Hamar hilabete beranduago iritsiko zitzaion albistea bere lagun handi eta maisu Bertolt Brechti. Kalifornian zegoen erbesteratua Brecht eta hala jaso zuen bere egunerokoan: «Walter Benjaminek bere burua pozoitu du Espainiaren mugako herrixka batean. Guardia Civilak [jatorrizkoan gazteleraz] bera zihoan taldetxoa gelditu zuen. Biharamunean kideak joan zitzaizkionean esatera bazutela aurrera jarraitzeko baimena, hilik aurkitu zuten». Ez dakit askoz gehiagotan idatziko ote zuen Brechtek Guardia Civil. Gorputz horren berezitasunez aparte, muga poliziak ziren guardia horiek. Egun Ceutan eta Melillan eta Mediterraneoan zelatan egoten direnen parekoak.

Baina egungo migranteenartean ez dakigu Benjaminik egongo den. Gure memoriantokirik ez duten bezala Georg anaiak (Mauthausengo txarrantxan hil zen Walter suizidatu eta bi urtera) ala Dora arrebak (minbiziak jota hilko zen 1946an Suitzako erbestean).

Walterren amaierak inarrosita lau poema idatzi zituen Brechtek. Adibidez: «Esan didate zeure buruaren kontra altxa duzula eskua/ Hiltzailea aitzinduz./ Zortzi urte erbestean eta gero, etsaiaren gorakada behatuz/ Azkenean, muga gaindiezin batetaraino eraman/ Gainditu zenuen, diotenez, gaindigarria zen./ Inperioak erortzen dira. Gaizkile taldeak/ Kulunkatzen dira estatuburuak bezala. Herriak/ Ezin dira egon armamentu guzti horien pean./ Beraz etorkizuna ilunpetan dago eta ongiaren indarrak/ Ahulak dira. Hori guztia bistakoa zen zuretzat/ Zure gorputz torturagarria suntsitu zenuenean».

Laurogei urteren ostean,Walter eta Lesboseko etorkinekin analogia egitea ez da kapritxo bat, izenburuak jartzen zen finena Brecht, olerki honi deitu zion: W. B. errefuxiatuarensuizidioari buruz. Ez idazle, ez filosofo, ez marxista, ez kritiko: errefuxiatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.