Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Kosmosa iraultzailearentzat

2021eko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Parisko Komunak 150 urte bete dituela-eta, Susan Buck-Morssen (The Dialectics ofSeeing, 1989) albora itzuli naiz. Okasioek nabarmen baldintzatzen dute aurrez ezagutzen dugun horretan topatuko duguna.

Liburuan Buck-Morssek Benjaminen galerien inguruko hausnarketa aztertu, zabaldu eta kokatu zuen. Benjaminek toki nabarmena eman zion XIX. mendeko Frantziako iraultzaile nabarmenenetako bati: Louis Auguste Blanquiri. Blanquik mende hartako Frantziako iraultza guztietan parte hartu zuen, tradizio eta antolakuntza iraultzaile propio bat sortzeraino. Baina iraultzailearen tripetan mundu ikuskera oso bat zegoen, Benjaminek Baudelaire eta Nietzscherekin kokatu zuena: «Baudelairek mundutik erauzten dituen izarrak dira Blanquik betiereko iraultzan eszenatoki bihurtzen dituenak». Kapitalismo garatuko hiru pertsonaia horiek, Buck-Morssen ustez, «ilusio falta partekatzen dute; komunean dute erantzun politiko oker bat». Nietzsche nihilismoarekin lerratzen da, Blanqui etengabeko putsch-arekin eta «desesperazio kosmologikoarekin», eta Baudelaire «haizearen eta euriaren kontra borrokatzen duenaren haserre inpotentean» geratuko da. Eredu bat izan zen Blanqui, Engelsek aitortu zion bezala, baina bere marko politikoak konspiratzeko besterik ez zuen balio. Idatzi zuen Baudelairek, egunerokotasun tamalgarriz: «Ekintzak ametsarekin inoiz bat egingo ez duen mundu batetik alde egitea nahikotzat joko dut».

Parisko Komunako egunak Fort du Taureauko kartzelan pasatu zituen Blanqui agureak. Espekulazio kosmologikoak idatzi zituen. Harentzat fantasmagoria eta infernua gauza bera ziren, eta unibertsoa ez zen progresoa baizik eta katastrofea. Askapenaren porroten betiereko itzulerek akitutako agureak idatzi zuen: «Berria dena beti da zaharra eta zaharra etengabeki berria. [...] Ez dira mamuak. Orainaldi eternizatuak dira. Baina hemen dago arrakala: ez dago inolako aurrerapenik. Tamalez!».

Beste bizardun batzuen oihartzunek marraztuko zuten iristear zen XX.a.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.