Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Kontrata ezazu itzultzailea

2021eko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Euskararen Nazioarteko Egunaren bezperan, atzerrian bilatu dut inspirazioa, eta bi lagin aurkitu, bata musika munduan eta bestea literaturan. Valtònyc rap abeslaria Ganteko epaitegitik atera berri da, eta agertzearen nondik norakoak azaltzen ari da prentsaurrekoan. Serio-serio dago, eta neke aurpegia du; ez da harritzekoa, hiru urte baitaramatza erbestean, eta, gainera, epailearen aurretik pasatzea ez da inoren gustuko egoera. Katalanez ari da mikrofonoetan*. Mallorcarraren mintzaldia bukatutakoan, adierazpenak gaztelaniaz errepikatzeko eskaera egin dio kazetariak; baina, serioago eta asperraldi eiteaz, musikariak doaneko aholkua eman dio eskaeraren egileari, eta katalanez jarraitu du hizketan. Valtònycek bere hautua egin du: «Kontrata ezazu itzultzailea».

Nazioartea, hizkuntzak eta aukerak. Ngûgî wa Thiong'oren ustez, ez dago besteak baino hobea den hizkuntzarik, berdin du bost lagunen edo milioika hiztunen hizkuntza den. Interpretearen etxean memoria-liburuaren egilea Literatura Nobel sarietarako hautagai nagusietakoa izan ohi da azken urteotan merezimendu osoz, idazle aparta baita. Kenyarrak dio hizkuntzen arteko harremanak ez lukeela hierarkian oinarritu behar. Ngûgî k ez du Nobel saririk irabazi; izan ere, 120 urtean bost afrikarrek jaso dute saria Stockholmen: horietako lauk ingelesez idazten zuten, eta bosgarrenak, Naguib Mahfuzek, arabieraz. Oso adierazgarria. Ngûgîwa Thiong'oren hautua ere irmoa da: laurogeiko hamarkadatik hona kikuyueraz baino ez du idazten. Bere lanak hirurogei hizkuntza baino gehiagotara itzuli dira, tartean euskarara. Ikertu behar dut inongo itzultzailek euskarazko lanik kikuyuerara itzuli ote duen.

* P. Casado sasifilologoari galdetuta, zehaztu gabeko hizkuntza batean ari da mintzatzen, Josepek Mallorcako aldaerako article salat-a ibiltzen baitu behin eta berriz, «sa meva extradició». (Itzultzailearen oharra).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.