nerea loiola pikaza
LARREPETIT

Irribarre isilak

2022ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Zein ospitaletan erditu zen galdetu dio haurdun dagoen emakumeak supermerkatuko kontserba artean, apur batlotsatuta baina begiak erne; eguraldiaz hitz egin ondoren izan da. Etxean erditu zela erantzun dio. Hiru, bi, bat: «Ze ausarta!», esan du sabela laztantzen duen bitartean. Eroa hitza ere entzun izan du horrelakoetan eta gaitz erdi.

«Ni ez nintzateke gai izango» gaineratu duenean nabaritu du amorrua borborka. Ahaztu egiten zaigu, ahantzarazi digute, erditzeko gai garela. Eta bi arma erabiltzen dituzte horretarako: beldurra eta mina. Erditze guztietan haurraren bizitza arriskuan dagoela kontatu digute, prozesuaren jabetza medikuen esku utzi behar dugula sinetsarazi. Baina ikerketa askok baieztatu dute etxean erditzea ospitalean erditzea bezain segurua dela arrisku baxuko haurdunaldietan. Mina jasanezina dela sinetsarazi digute. Gure gorputzean modu naturalean gertatzen ari den zerbaitek eragindako mina, animalia eme guztiek jasan dezaketena. Min horrek zentzu bat du, prozesuan murgiltzen zaitu, zein unetan zauden adierazten dizu, dena ondo dagoen erakutsi. Eta bukatzean, egin berri duzunaz ohartzen zarenean, desagertuko ez den indar bat jaiotzen da zugan. «Gora emakumeak, joder!» oihukatuko zenuke egunero. Baina, hau ere, ukatu egiten digute; ez gaituzte ahaldunduta nahi.

Berezko prozesu bat lapurtu digu patriarkatuak eta logikaren eta fisiologiaren aurka berregituratu du. Eta, orain, guri dagokigu haurdunaldia eta erditzea berreskuratzea. Nola? Ditugun eskubideak ezagutuz, informazioa aztertu ondoren erabakiak hartuz, beldur normatiboak gaindituz, eta, nola ez, gure gorputzaren jabetza hartuz. Erditze bat ontzat eman beharko genuke soilik emakumea ahaldunduta eta errespetatua sentitzen denean, epidurala eta urgentziazko zesarea bat tarteko izan badira ere.

Hau guztia kontatu ordez, irribarre inozo batez erantzun dio emakumeari eta arrautza bila joan da; eta damututa dago orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.