Erresilientzia ariketa

Baskoniak Milan hartuko du gaur, Euroligako kanporaketetan sartzeko aurkari zuzena. Garino, Voigtmann eta Janning jokatzeko moduan daude
Vincent Poirier, saskia birrintzeko prest, Milanen, lehen itzuliko partidan.
Vincent Poirier, saskia birrintzeko prest, Milanen, lehen itzuliko partidan. M. B. / EFE

Imanol Magro Eizmendi -

2019ko urtarrilak 18
Kirolbet Baskoniak sasoiko partida garrantzitsuenetako bat jokatuko du gaur Buesa Arenan. Euroligan eta halako liga luzeetan, finaltzat jotzen diren partidak azken txanpan iristen dira, baina badaude garrantzi berezia duten partida batzuk, eta, hain zuzen, horietako bat jokatuko du gaur Gasteizko taldeak, 19. jardunaldian (21:00). Armani Milan hartuko du, aurkari ezin zuzenagoa. Sailkapeneko egoerak justifikatzen du adjektibo hori. Izan ere, Baskonia zortzigarren dago egun, zortzi garaipenekin, eta Milan bederatzigarren da, garaipen kopuru berarekin. Panathinaikos ere egoera berean dago, eta, egun, badirudi zortzigarren posturako borroka hiruren arteko kontua dela.

Arrazoi matematikoak argiak dira garrantzia ulertzeko, baina badaude beste batzuk ere; esaterako, animikoak. Baskonia une txarrak pasatzen ari da. Jayson Grangerri atzo egin zioten ebakuntza, eta Tornike Xengeliak hiru aste daramatza min hartuta. Hori nahikoa ez, eta Johannes Voigtmannek aste osoa pasatu du gripe gogor batek jota, eta Matt Janningek orkatilako arazoak izan ditu. Biak, halere, jokatzeko moduan egongo dira gaur; hori bai, ez sasoi betean. Guztiak, baina, ez dira albiste txarrak, Patricio Garino taldera itzuliko baita. Hegalekoak bi hilabete egin ditu geldirik, belauneko lesio baten ondorioz, eta jokatzeko moduan dago, baina ez du izango erritmoa hartzeko betarik. Hain egoera makurrean irabaztea bultzada handia litzateke: beste erresilientzia erakustaldi bat.

Arrazoi matematikoak, moralak... eta aurkari zuzen bat lur jota uzteko aukera. Izan ere, Milan maldan behera doa. Giorgio Armani jostunak ahalegin ekonomiko handia egin du sasoi honetan, eta taldeak ondo ekin zion Euroligari (6-2). Azken bi hilabeteetan, baina, joera hori aldatu egin da, eta azken hamar partidetatik zortzi galdu ditu; besteak beste, min harturiko jokalariengatik: Nemanja Nedovic antolatzailea eta Kaleb Tarcewski pibota. Horrek are gehiago utzi du taldea Mike Jamesen eskuetan. Baskoniako antolatzaile ohia da taldeko eta Euroligako saskiratzaile nagusia, partidako 19,8 puntu sartuta. Zerrendako bigarrenak hamabost sartu ditu partidako. Lehen itzulian, Baskoniak 93-90 galdu zuen.

Fitxaketen zain

Asteak dira Granger eta Xengelia gabe ari dela Baskonia, Velimir Perasovicek haien ordezkoen zain daraman denbora berbera. Fitxaketak espero ziren, baina ez dituzte egin, eta entrenatzaileak atzo ezin izan zuen ezkutatu bere atsekabea: «Ez dut garbi ikusten; orain ez dugu ezer esku artean. Ezin dut ezer esan. Duela bi egun galdetu izan balidate, agian beste zerbait erantzungo nuen, baina orain... Daudenak ditut». Asko hitz egin da James Nunnallyri buruz, baina eskoltak hamar eguneko kontratu bat sinatu du NBAn.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna