Zelaian lur hartuko du

Reala sasoiko bigarren garaipena lortzen saiatuko da Espanyol azken sailkatuaren etxean. Gaur bidaiatuko du Bartzelonara

Adriana Nanclares Realeko atezaina, ateko sakea egiten. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Lur hartu, eta zelaira. Horrelakoa izango da Realaren gaurko goiza. Bartzelonan jokatuko du, Espanyolen zelaian (13:00, Vamos), eta goizez joango da. Atzo arratsaldean, Espainiako Kopako tituluaren ibileraren inguruko dokumentala estreinatu zuten Zinemaldian, eta, jokalari guztiak bertan egotea bermatzeko, Realeko zuzendaritzak gaur bidaiatzea erabaki zuen, espresuki antolaturiko hegaldi batean. Hegazkina partidaren egunean bertan hartzea ez da arraroa eliteko futbolean, baina bai hain goiz jokatzen denean. Ordubete eskaseko bidaia dago Bartzelonara, eta Realeko jokalariek makina bat aldiz egingo zituzten bidaia luzeagoak partidetara jokatzeko. Hori bai, aireporturen batean arazorik balego, komeriak izan ditzakete garaiz iristeko.

Bidaia ez da aitzakia izango, baina jokalariek hobe dute bart gaueko emozioa ahaztea. Anoetako Belodromoan jendetza bildu zen dokumentala ikusteko, eta zale zein jokalariek berriz sentitu zuten ekainaren 27ko zirrara. Ligak, baina, ez du hunkidurarako tarterik uzten, eta, iraganeko aparretan lokartuz gero, Espanyolek garesti ordainaraziko die. Aurkaria azken sailkatua da, baina zelaian emaniko maila sailkapenak islatzen duen baino hobea izan da. Batez ere, jokaturiko azken partidan; 2-1 galdu zuen Madrilen aurka. Espanyolek iragan astean jokatu zuen liga hasierako partidarik onena, baina baita Realak ere. 2-0 irabazi zion Betisi, eta gaur bigarren garaipena lortzen saiatuko da. Laugarren jardunaldia goizegi da sailkapenari begira ibiltzeko, baina, gaur irabazten badu, goikoen multzoan sartuko da, eta aukera aproposa da horretarako.

Gonzalo Arkonadak atzo eman zuen deialdia, eta Nahikari Garcia sartu zuen. Aurrelariak orkatila mindu zuen Betisen aurka, eta ezin izan zuen partida bukatu. Haren parte hartzea kolokan egon da aste osoan, baina garaiz sendatu da. Sartu ez dena Mariasun Quiñones atezaina da. Zelaian entrenatzen hasia da, baina entrenatzaileak ez du arriskatu nahi izan. Hurrengo astean atsedena dago ligan, eta litekeena da bi aste barru itzultzea. Hondarribiarrak, gainera, ez du zertan behartu,Adriana Nanclares gaztea oso ondo ari baita betetzen haren hutsunea, eta penalti bat gelditu baitzion Betisi. Athleticek, bestalde, bihar jokatuko du jardunaldi honetako partida (16:00), etxean, Deportivoren aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.