ESPANYOL 0 EIBAR 2

Eibarrek salbazioa lortu du, Espanyol mendean hartuta

0-2 irabazi dio Espanyoli, Expositok sartutako bi goli esker. Bigarren zatian distirarik gabe aritu da, baina ez du estuasun handirik pasatu

ainara arratibel gascon
2020ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Expositok (penaltiz, 24. min.). 0-2: Expositok (35. min). Epailea. Del Cerro Grande.Txartel horiak Espanyoleko Didaci eta Rocari, eta Eibarreko Tejerori eta Enrichi. Bestelakoak Koranabirusagatik ikuslerik ez Espanyolen zelaiko harmailetan.

Hilabete inguru da ikasturtea amaitu zela ikasleentzat. Modu berezian amaitu ere. Halakoa gertatzen ari da futbol sasoiaren bukaera ere. Eibarrentzat, nahikoa batekin bukatzear da. Mailari eusteko helburua lortu du, eta horri balioa eman behar zaio. Baina distirarik gabe egin du. Atzo Espanyolen zelaian jokatutako partida sasoiaren isla izan zen. Egin behar zuena egin zuen, baina ez gehiago. Lehen zatian 0-2 aurreratu zen, bi penaltiri esker, baina bigarren zatian kaskar jokatu zuen. Etxekoak ez ziren hobeto aritu, eta emaitza ez zen aldatu.

Nahiko erritmo bizikoak izan ziren lehen minutuak. Eibar izan zen Diego Lopezen atera gerturatzen aurrena. Minutuak aurrera joan ahala, ordea, parekatu egin zen neurketa. Espanyol Mendilibarren taldearen presioa ondo gainditzen hasi zen. Baina orduan iritsi zen Victor Lopezek sartutako penaltia. Atzelariak eskuz jo zuen baloia. Expositok ez zuen huts egin: Eibar aurretik zen 0-1 (24. min).

Gipuzkoarrek alde zuten partida. Espanyolek ez zuen ezer jokoan, iragan asteazkenetik Bigarren Mailako taldea baita. Horrek patxada eman behar zion Eibarri. Baina pixkanaka bizitasuna galtzear joan zen lehia. Eraginkortasunaren alde egin zuen Mendilibarren taldeak, partidaren bila joan beharrean. Ura edateko etena pasatu eta gutxira iritsi zen Eibarren bigarren gola, 35. minutuan. Berriro ere penaltia egin zuen etxeko taldeak. Oraingoan Bernardok jo zuen baloia eskuarekin. Expositok jaurti zuen berriro ere. Baina Diego Lopezek asmatu egin zuen. Aldaratzea, ordea, Eibarreko jokalariari ailegatu zitzaion, eta gola egin zuen.

Lehen zatia amaitzear zela izan zuen Espanyolek aldea murrizteko modua, jokaldi on bat osatu zuen aukera bakanetako batean. Baina Callerik egindako jaurtiketak langa jo zuen.

Hala amaitu zen lehen zatia. Bigarrena kaskarra izan zen, trabatua. Bi taldeek baloi dezente galdu zituzten zelai erdian, eta gol aukerarik apenas ikusi zen. Egon zirenak gehiago izan ziren bi taldeek atzean erakutsitako urduritasungatik.

Eibarrek minutuak pasatzen utzi zituen, eta Mendilibar jokalariekin haserretu ere egin zen, lehiakortasun apur bat falta izan zitzaielako. Espanyol, berriz, kamuts eta ideiarik gabe aritu zen. Etxekoen aukerarik garbiena Raul De Tomasek izan zuen, baina ez zuen ezkerrarekin errematatzen asmatu, eta Eibarreko atzelariek ondo atera zuen baloia. 81. minutua zen. Hortik amaiera bitarte, aukerarik ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.