Etiopiako Gobernuak larrialdi egoera ezarri du iparraldeko eskualde batean

Abiy Ahmed lehen ministroak operazio militar bat agindu du Tigrayn agintean dagoen alderdiaren aurka, eta tentsioak gora egin du

Abiy Ahmed Etiopiako lehen ministroa. STR/ EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Sua piztu da Etiopian, baita balizko gerra baterako zantzuen alarma ere. Abiy Ahmed herrialdeko lehen ministroak atzo iragarri zuzenez, operazio militar bati ekingo diote iparraldeko Tigray eskualdean gobernatzen duen TPLF Tigray Askatzeko Herri Frontearen aurka, haiek armadaren base bati eraso egin diotela salatu ondoren. Abiyk TPLFri leporatu zion erasoa egin eta talde militarrak eta artilleriako piezak «arpilatzen saiatzea». Horrez gain, sei hilabeterako larrialdi egoera ezarri dute eskualde horretan. Reuters berri agentziak jakinarazi zuen dagoeneko hasi direla bi aldeen arteko liskarrak.

Exekutiboaren arabera, TPLFk «etengabe probokatu eta indarkeria bultzatu» du azken hilabeteetan, eta gobernu federalak «pazientzia handiko politika» erabili du probokazio horien aurrean. TPLFk base militar bati eraso egin izanak, ordea, egoera zartarazi du: «Gure defentsa indarrek herrialdea salbatzeko agindua jaso dute. Azken marra gorria gurutzatu da, eta, beraz, gobernua borroka militarrera behartu dute». Adierazpen horien ondoren ezarri zuten eskualdean larrialdi egoera, «bakea eta segurtasuna» bermatzeko. Interneterako konexioa ere moztu zuten.

Bestalde, gobernuak salatu zuen Tigrayn egiten ari diren ekintza «oldarkor eta ilegalak» konstituzioa eta ordena konstituzionala «arriskuan» jartzen dutela, baita herrialdearen subiranotasuna mehatxatzen ere: «Egoera segurtasun mekanismo erregularren bidez kontrolatu ezin den mailara iritsi da». Horiek izan ziren, besteak beste, larrialdi egoera ezartzeko arrazoiak.

Gobernu federalak Tigrayn agintean dagoen TPLF alderdiari ere egotzi dio konstituzioaren egituretatik kanpo dauden miliziak «armatu eta antolatzea». Horrez gainera, Eritrearen antzeko txosten militarrak egitea leporatu dio, «Eritreako Gobernua inplikatzeko»: «Gerra ezin da ekidin aldeetako baten borondate onaren eta erabakiaren bidez soilik, baizik eta bi aldeen arteko hautuaren bidetik», gaineratu zuen.

Nazioartean kezka eragin du Etiopian giroa gaiztotu izanak, eta Erresuma Batuak nahiz Ameriketako Estatu Batuek tentsioa baretzeko deia egin zien.

Botere lehia

Talde etniko nagusiak tentsiozko botere lehian bizi dira Etiopian. 1991tik TPLF gobernu nazionalean egon zen, harik eta 2018an EPRDF Etiopiako Herriaren Fronte Iraultzaile Demokratikoa koalizio gobernuak agintari berria izendatu zuen arte: Abiy.

Izan ere, lehen ministroak Oparotasunaren Alderdia sortu zuen, eta EPRDDF frontea amaitutzat jo. Koalizioa osatzen zuten alderdi etniko guztiak batu ziren erakunde berri horretara, TPLF izan ezik. Haustura horretaz geroztik, Tigrayren eta gobernu nazionalaren arteko tentsioa nabarmena izan da.

Berez, aurtengo abuztu amaieran ziren Etiopian hauteskundeak egitekoak, baina gorbenuak horiek atzeratzea erabaki zuen, COVID-19aren pandemiak sortutako egoera medio. Aldiz, Tigray eskualdean bai ospatu zituzten parlamenturako bozak, iragan irailean, herrialdeko lehen ministroari pultsu argia botaz. Gobernuak legez kanpokotzat jo zuen bozketa, eta bien arteko tentsioa are gehiago areagotuzen.

Abiy 2018an herrialdeko boterera heldu zenetik, «Etiopia demokratizatzeko» pauso garrantzitsuak eman ditu, eta atzerri politikan ere urrats sendoak egin ditu, besteak beste Eritrea bizilagunarekiko harremanetan. Hala, pasa den urtean jaso zuen lan horren aitorpena: Bakearen Nobel saria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.