Kubak AEBekin lotu ditu zentsura salatu duten artisten protestak

San Isidro Mugimenduko sortzaileek hainbat mobilizazio egin dituzte «errepresioa» salatzeko

Miguel Diaz-Canel Kubako presidentea, igandean, herrialdeko sistema politikoaren alde Habanan egin zuten elkarretaratzean. ERNESTO MASTRASCUSA / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
San Isidro Mugimenduko artistek joan den astean egin dituzten protesta ekintzak «iruzur» bat dira, Miguel Diaz-Canel Kubako presidentearen iritziz. Igandean salatu zuten AEBetako Gobernua Uharteko sistema sozialistaren kontrakoa den artista talde horren mobilizazioen atzean dagoela, eta Kuba desegonkortzeko «azpijoko» bat direla. «Ikuskizun mediatiko bat antolatu digute». Presidenteak ohartarazi zuen ez duela «esku hartzerik, probokaziorik eta manipulaziorik» onartuko.

Sortzaile taldeak erregimenaren kontrako iritzi adierazpenen «errepresioa» salatu du azken egunetako mobilizazioetan, azaroaren 11n Habanako epaitegi batek Denis Solis rap abeslari eta San Isidro Mugimenduko kidea zortzi hilabeteko espetxera zigortu ostean, aginteari men ez egitea leporatuta. Artista batzuk gose greba bat hasi zuten Solisen zigorra salatzeko, Habanako alde zaharreko eraikin batean. Kubako Poliziak dozena bat kide kaleratu zituen eraikinetik joan den ostegunean.

Erantzun gisa, San Isidro Mugimenduak elkarretaratzera deitu zuen ostiralean, eta Kubako Kultura Ministerioaren parean 300 sortzaile inguru bildu ziren «zentsuraren amaiera» aldarrikatzeko. Manifestarien 30 kideko ordezkaritza bat ministerioko arduradunekin bildu zen —Fernando Roja ministrordea buru—, eta aurreakordio bat lortu zuten gobernuarekin elkarrizketarako bide bat zabaltzeko. Bileran parte hartu zuten artisten artean ziren Jorge Perugorria aktorea, Fernando Perez zinemagilea eta Tania Bruguera artista. «Ez dugu zerikusirik sor daitekeen edonolako indarkeria ekintzekin. Gure mezua beti izan da eta izango da baketsua, eta hala frogatuko dute gure ekintzek», adierazi zuen taldeak.

Kultura Ministerioak elkarrizketarako prestutasuna agertzearekin batera, baina, gogor mintzatu da Diaz-Canel artista taldearen kontra. Presidentearen esanetan, mugimenduak «loturak» ditu «AEBetako Gobernuko hainbat funtzionariorekin». Gainera, Kubako Gobernuak haserrea adierazi du Timothy Zuñiga-Brown AEBen uharterako diplomaziaburuak protestari agertu dion babesarengatik. Jakinarazi duenez, gobernuak bilera batera deitu zuen Zuñiga-Brown joan den larunbatean, artistak gosegreba egiten ari ziren etxera pertsonalki joan zelako, eta taldeko hainbat kide bere autoan eraman zituelako. «Esku hartze argi eta desafiatzailea da Kubaren barne arazoetan».

Michael G. Kozak AEBen Mendebaldeko Hemisferiorako Estatu idazkari laguntzaileak ere bat egin du San Isidro Mugimenduarekin. Diaz-Canelen jarrera gaitzetsi du, artisten «kezkak» aintzat ez hartzeagatik. «Kubatarrek adierazpen askatasuna eta promesak beteko dituen gobernu bat merezi dute», idatzi du Twitterren.

Asteburuan, Denis Solis rap abeslariaren askatasuna eskatzeko eta San Isidro Mugimenduari elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egin zuten Miamin (AEB) bertan bizi diren kubatar jatorriko dozenaka manifestarik.

Gazte sozialisten erantzuna

Gazteok demokrazia sozialistaren alde lelopean, ehunka manifestari elkartu ziren igandean Habana erdiguneko Trillo parkean, Kuban indarrean den erregimenari babesa adierazteko. Uharteko hainbat hedabidek azaldu dutenez, «bat-batean» sortutako deialdia izan zen, sare sozialetan azkar hedatu zena. Ondoren, gazte sozialisten hainbat elkartek egin zuten bat, eta Diaz-Canel presidentea bera hara agertu zen ezustean.

«Kubako herria kalean dago, eta ez dugu esku hartzerik onartuko», adierazi zuen. Karla Santana, Habanako Unibertsitateko Ikasle Federazioko presidenteak. «Hona etorri gara esatera aldi baterako gaztedi iraultzailea dagoela. Inork ez digu iraultza lapurtuko».

Ekitaldian, hainbat ekintza artistiko antolatu zituzten, gobernuak kulturaren arloan sostengua baduela adierazteko helburuarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.