Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Datorren iraultzaz II

2018ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Horregatik, Ernst Blochek marrazten zuen «hurrengo iraultza» horren aurrean Arendtek esaten zuen berak ez zekiela iraultza hori etorriko ote zen, eta etortzen bazen ez zekiela zein egitura izango zuen. Alegia, iraultza politikoen historia oso laburra dela. Oso adibide gutxi daudela Frantziakoa eta Ameriketakoa aipatu zituen eta beraz, adibide gutxi horietatik badirela elementu komun batzuk: gobernuaren makinaren hausturaren mehatxua, herriak gobernuarengan duen konfiantza galtzea, zerbitzu publikoek huts egitea, adibidez.

Zentzu horretan, 1970eko uda hartan jada, Arendtek zioen potentzia ekonomiko guztiek galdu zutela bai boterea, baita autoritatea ere. Gobernuak gero eta bortitzagoak zirela, gero eta arma gehiago zituztela baina horrek «ezin zuela botere galera konpentsatu». Afera zen egoera hark ez zuela ezinbestean iraultza bat sortu. Besteak beste, aurreko iraultzetan elementu nabarmen bat egon zelako: «benetako iraultzailez osatutako talde bat». Alegia, garaiko ikasleei asko gustatzen zitzaizkiela iraultzaileak, baina haiek ez zirela: ez ziren iraultzaileak bezala antolatzen, ez zekiten horrek zer esan nahi zuen eta, «boterea kalean bertan abandonatuko balute eta han zegoela jakingo balute, makurtu eta hartzen azkenak izango lirateke». «Iraultzaileek ez dute iraultzarik egiten! Iraultzaileek badakite noiz abandonatu den boterea kalean eta noiz jaso dezaketen» eta, ordea, Arendten hitzetan, iraultzarako bidea, prestaketa, abagunearen irakurketatik hasten da, iraultza guztien atzean teoria egon dela. Eta garaiko Alemaniako mugimendu iraultzaileak bazuela zalaparta sortzeko gaitasuna, esloganak oihukatzekoa, baina ez iraultzarakoa.

Oso bestela ikusi zuen AEBetako errebolta Arendtek: ikasleak izan ziren beltzen afera-n aldaketak lortzeko ezinbesteko pieza, haiek izan ziren Vietnamgo gerraren kontra herrialdea bitan banatu eta gehiengoa bakearen alde jartzea landu zutenak. Zerarekin larritu zen, ordea: unibertsitatea suntsi zitekeela pentsatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.