Garazi Arrula Ruiz.
LARREPETIT

Memoria histerikoa

2018ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Martxoaren 3ko gertakarien filma estreinatu baino bi aste lehenago jakin genuen PSOEren gobernuak egun beltz hari buruzko agiriak desklasifikatzeari uko egin diola. Frankismo garaiko lege batek dio gaur ezin direla zenbait artxibo kontsultatu. Paper horien garrantzia nabarmendu zuen Martxoak 3 elkarteak, sarraski hartan parte hartu zuten polizien izen-abizenak ezagutzeko aukera zirelako, eta, ondorioz, justizia egiteko beste urrats bat. EH Bilduren ekimenez, Eusko Jaurlaritzak paperok desklasifikatzeko eskatu zuen, eta erantzuna 1978ko sanferminen harira PPren gobernuak emandako bera izan da —ordukoan, PSNk adierazpenaren alde bozkatu bazuen ere, Kongresuan PSOEk ezezko boza eman zuen PP eta Ciudadanosekin batera—.

Berriz jo dute / hil ezkilek / Monbar hotelean / hil ezkilek kantatzen zuen Kortatuk, Lluis Llachek 1976ko martxoaren 3an bertan idatzitakoari oihartzun. Aste honetan 33 urte bete dira GALek eginiko atentatu hilgarrienetik, eta ahaideek ez dute oraino aitortza instituzionalik jaso. Estrasburgon jarri dute esperantza (beste behin), Espainiaren jarrerarekin etsiturik (beste behin).

Monbar hotelaren hilketetatik hamarkada bat geroago sortu ginenok ere oihukatu dugu inoiz «PSOE, GAL, berdin da», azken sei urteotan Ertzaintzak protestaren batean indarkeria erabili duenean «Zuek hil zenuten Iñigo Cabacas» entzun izan dugun gisan. Norbaitek esanen du hori gauzak nahastea dela; hala egotzi diete Maravillas Gaztetxeko kideei ere, duela 28 urte polizia espainolak hildako Mikel Castillo auzotarra omendu dutelako —familia eta lagunek omenaldia urtero egiten diotela ahaztuta, antza—. Horrela bete da iraila urteurrenez, manifestuz eta antimanifestuz. Babes eta aitortza ofiziala ez dutenek arteak, espazio askeak eta herri ekimenak baliatu beharko, memoria gizarteratu eta kontzientzia pizgarri izanen bada. Inork ez dezala pentsa ukaturiko historia baten monopolioa duenik.

Ez dugu deus nahastu; gu iristerako nahasirik zegoen dena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.