maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Idaztea

2018ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Emakume batek idatzi ahal izateko urtean 500 libera eta sarrailadun gela propio bat behar zituela idatzi zuen Virginia Woolf idazle ingelesak 1929an—hortik hain ezagun egin zen eta duela urte batzuk euskarara ekarri zuten liburuaren izena: Gela bat norberarena—. Ez dakit ziur erraten zenbaterako emanen zuten orduan 500 liberak, baina, dirudienez, ongi eta aldi berean luxurik gabe bizitzeko adinako diru kopurua bai.

Hori baino konplexuagoa da mekanismoa, noski: idazteko gaitasunean eta aukeran bertzeak bertze eragina baitute hezkuntzak, baita emakumeekiko bertzelako desberdinkeriek ere. Baina garrantzi berezia ematen zien Woolfek ezaugarri materialei. Izan, badutelako: etxeko lanetan eta ingurukoen zaintzan buru-belarri eta norbere buruarentzat denborarik gabe nekez idatziko baitzuen (eta baitu) emakume batek. Liburu horretan bertan erakusten duenez, nolanahi ere, baldintza materialena ez da bakarrik emakumeen arazoa: gizon pobreek ere ez omen zuten idazten, edo ez behintzat ezagunak egiteko adina.

Estrapola dezagun teoria gazteengana, eta begiratu dezagun ingurura: zein gaztek du gaur egun gela (etxe?) bat norberarena, eta hilean ongi bizitzeko aski diru? Edo baldin badu, ez ote du denbora gehiena xahutzen 500 libera kaxkar horiek lortzeko lanbide prekarioren batean, bertzelakoetarako denbora gehiegirik gabe?

Diruari eta espazioari lotuta, denbora ere behar baita idazteko, eta idazteko, Woolfen beraren gomendioei jarraikiz, anitz irakurri behar baita lehenik. Gazte batek idatzi ahal izateko, beraz, prekaritateari egin beharko lioke lehenik aurre. Edo idatziz salatu prekaritatea. Idazteko, eta bertze gauza anitzetarako baldintzak eta astia izateko. Gurpil ero bat, azken finean.

Ez naiz dramatiko jarriko, halere. Ez baita izanen egoerarik onena; baina idatz baitaitezke, nik zutabeak bezala, poemak gaueko hamarretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.