Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Denboraren makina

2018ko urriaren 11
00:00
Entzun

Txikitatik izan dut denboran bidaiatzeko ametsa. Aro batetik bestera saltoka ibiltzeko tresna diseinatzea posible zelako ideia G. Palen 1960ko filmak ekarri zidan, eta H. G. Wellsen liburua irakurrita bai, filma ikusi ondoren irakurri nuen liburua uste sendo bihurtu zen. Lagunarteko solasaldietan gaia ateratzen zenetan, txertatzen nuenetan, kideek barre egiten zidaten, nahiz eta nik, argudioa sendotzeko edo, Einstein alde nuela aipatzen nien. Obsesioak joa, arrazoi emanen zidan berria bilatu nuen aldizkari zientifikoetan urteetan, asmakizun arrakastatsuaren aztarnarik aurkitu gabe, ia esperantza akitzeko puntuan. Aurreko astera arte.

Albisteak gogogabe ikertzen ari nintzela, berri batek supituki esnarazi ninduen. UAGN sindikatu nafarrak, gure nekazari —batzuen, askoren?— ordezkaritzak, salatu zuen errenta bermatua «galga izugarria» dela nekazaritza lanetarako jendea kontratatzeko. Berehalakoan, PP, UPN eta PSN alderdiek salaketa kontuan hartzekoa zela adierazi zuten. Ostra! Denbora bidaiariak gure artera iritsi dira Erdi Arotik, sistema feudala, esklabotza, gure jendartean zabaltzeko mandatua betetzeko. Eta mezu argia ekarri digute: ahulenen baldintza berez kaxkarrak estutu ditzagun guk jopuak errazago eta baldintza hobeetan lortzeko, gu nor ote den oso argi ez dudan arren. Horra hor ebidentzia: denboran bidaiatzea posible da.

Geroztik, denbora bidaiaren lagin gehiago aurkitu ditut: Vistalegreko (Madril) kiroldegi batean igandean alderdi konstituzional batek egindako mitina aurreko mendeko 30eko hamarkadaren hasieran antolatu zen, larunbat gaueko ETB1en programazioa Lehen Karlistadakoa da eta euskara batuaren kontrako erasoaldia Paleolitoan sortua. Zalantza dut oraingo zaborra iraganetik edo etorkizunetik bueltan iritsi ote zaigun. Aurkikuntzaren berri eman diedanetik, lagunek arraro begiratzen didate. Einstein eta Wells lagun ditudala esaten diet nik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.