Errefuxiatuen negua

Siriako Kurdistango Al-Hol errefuxiatu gunera bidean 29 haur hil dira; gehienak, hipotermiak jota. OMEk dio egoera «atsekabegarria» dela

Kristina Berasain Tristan.
2019ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Negu betean daude Al-Holen. Siriako Kurdistango errefuxiatu gune horretara 23.000 zibil iritsi dira azken bi hilabeteotan, indarkeriatik ihesean, eta ihes betean negu betea aurkitu dute. OME Osasunaren Mundu Erakundeak jakinarazi duenez, azken asteetan 29 haur hil dira kanpalekura bidean, tartean haur jaioberriak; gehienak, hipotermiak jota.

Elizabeth Hoff OMEko Siriarako ordezkariak adierazi du errefuxiatu gunearen egoera «atsekabegarria» dela: «Hotzak hiltzen ari dira». Al-Holen babestu diren iheslarien kopurua hirukoiztu egin da azarotik, eta nazioarteko erakundeek ez dute baliabide aski egoerari aurre egiteko. Hoffen hitzetan, errefuxiatuetako askok egunak eman dituzte bidean, oinez edo kamioien atoian, egurats zabalean lo egiten, eta akituta eta gosetuta iritsi dira kanpalekura. Behin Al-Holera iristean ere aterpe faltan egon dira iheslariak.

Al-Hasaka eskualdean dago kanpalekua, kurduen lurralde historikoan, Rojavan —Irakeko mugatik gertu dago errefuxiatu gunea—. Deir ez-Zor eskualdetik ihes egin duten zibilak dira desplazatu gune horretan babestu direnak. Estatu Islamikoaren azken gotorlekuetan bizi ziren, eta, abendu amaieratik, bonbardaketak etengabeak dira eremuan; bereziki, Hajinen. Kanpalekura iritsi diren iheslariek salatu dute muturreko islamistek ez dietela hiritik ateratzen uzten han geratu diren zibilei.

Giza korridorea

AEB Ameriketako Estatu Batuek zuzentzen duten koalizioak bonbardaketak egin ditu azken asteetan eremu horretan. Washingtonek aliantza egin zuen SDF Siriako Indar Demokratikoekin, milizia kurduekin, baina soldaduak erretiratzen hasiko zirela jakinarazi zuen urtarrilean. Turkiak, baina, «eremu seguru bat» sortu nahi du mugan, eta iragarpen horrek egoera korapilatu du, kurduen kontra egiteko estrategiatzat jo baitute.

Gerra eremua dela aintzat hartuta, nazioarteko erakundeek giza laguntza sartzeko pasabidea eskatu diete aldeei. Unicef Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsak gerra legeak hautsi izana egotzi die aldeei. Henrietta Fore erakundeko zuzendariak pasabide segurua eskatu du: «Ez dago aitzakiarik: haurrak ezin dira inoiz indarkeriaren helburu izan». UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak bat egin du eskaerarekin, eta ohartarazi du litekeena dela kanpalekura lagun gehiago iristea, azken egunotan 10.000 lagunek egin baitute ihes muturreko islamisten esku dauden eremuetatik.

Rukban errefuxiatu gunean ere egoera latza da. Jordaniako mugako kanpaleku horretan 42.000 desplazatu daude, eta azaroaren 8tik ez da giza laguntzarik iritsi. Mark Lowcock Nazio Batuen Erakundeko giza laguntzako buruak jakinarazi du aurreko hilabetean zortzi haur hil zirela hotzez. Libano hegoaldean babestu diren 70.000 errefuxiatuen egoeraz ere ohartarazi du NBEk.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.