maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Google Maps

2019ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Belfastera iritsi berria nintzen. Neguko arratsalde bat zen, iluna, eta hiria ezagutzeko irrikaz jaitsi nintzen autobusetik. Aterpetxeraino joan, motxila utzi eta paseo bat ematea nuen buruan, Guinnes bat edanez afaltzeko. Google Maps-i galdetu nion, eta oinez 25 minutu markatu zizkidan: hiriko lehen usainak hartzeko paseo ederra, pentsatu nuen. Eta mapa interaktiboak errandako bidetik abiatu nintzen, motzenetik, halaxe bideratzen baitu azken hamarkadan asmaturiko tresnak.

Segidan ohartu nintzen ez zela aukerarik onena izan. Kale ilun batetik eraman ninduen, argi gutxikoa, eta ostatu gehienak itxita zeuzkana. Jende gutxi zebilen kalean, eta arraro xamar begiratzen ninduten gurutzatzen nituen apurrek. Kale erdiko etxe handi batean, pankarta bat zintzilik: «British and proud». Hori ez zen niretzako moduko lekua.

Abiadura bizian abiatu nintzen, ikaratuta, eta bizitzako 25 minuturik luzeenak egin zitzaizkidan aterpetxerainokoak. Ez nintzen berriro kalera atera eta Guinnes bat edateko moduan; ez behintzat hurrengo egunera arte.

Biharamunean egin nuen tour politikoan argitu zidaten non eman nituen Ipar Irlandako hiriburuko nire lehen pausoak. Non eta Sandy Row-en; zer eta mugimendu orangistaren —alegia, protestante unionista kontserbadoreenen gotorlekuan—. Eta egun-argiz berriro pasatuta ikusi nituen are beldur handiagoa eman zidaten sinboloak: urdin-zuri-gorri koloreak faroletan, britainiarren aldeko horma-irudiak nonahi... Horren berri ez zidan emana Google Mapsek.

Tresna erabilgarria baita hura gabe inora ez goazen hori, baina arriskuak ere baititu gailuan sobera erreparatzeak. Ez baititu markatzen puntu beltzak, eta intuizioei kasu egitea oztopatzen baitigu maiz hari lotuegi ibiltzeak —zein ez da bidez nahasi autoan sakelakoari begira joateagatik?—. Geroztik nahiago izaten dut, badaezpada, abiatu aitzin inori galdetu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.