Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Gutuna Palestinara

2019ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Duela ia 90 urte hasi zen XX. mendeko laguntasun handi eta produktiboenetako bat. 1929ko ekainaren seian gutuna igorri zion Walter Benjaminek Gershom Scholemi Berlindik Jerusalemera. Gutunean adierazi zion pertsona berri nabarmen bat ezagutu zuela.

Laguntasun hura, Benjaminen lagun eta kide askorentzat ez zen batere atsegina. Gurasoei seme-alabaren lagun berria atsegin ez zaienean bezala.

Bi aste eta erdi geroago, bere hurrengo gutunean, Benjaminek Scholemi gehiago kontatu zion Brechtekin izandako lehenengo aldi hartaz. Gutunean onartzen zion sortzen ari zen harreman berri hori ez zegoela oinarritua Benjaminek Brechten artelanekiko izan zezakeen iritzian (Hiru txanponeko opera eta baladaren bat besterik ez zuen ezagutzen). Beren harremanaren sorrera Brecht une hartan egiten ari zen lanek eragiten zuten.

1915etik ziren lagunak Scholem eta Benjamin. Eta Jerusalemen arriskua sentitu zuen Scholemek. 1923an egin zuen Palestinara alde eta 1927tik ari zen Benjamin Ekialde-hurbilera eraman nahian. Humanidadeen fakultatean hizkuntza eskolak eman ahalko zituela esaten zuen. Baina Benjamin Berlinen (Jerusalemgo Unibertsitateko diru-laguntza bati esker) hebreera eskoletara joaten hasi eta gutxira egin zuen Brechtekin tupust.

Handik aurrera prokrastinazioan hasi zen Benjamin. Ez zen Jerusalemen bizitzera joango. Testuak zeuzkan buruak. Pasajeen liburua. Dora emaztearekin zuen dibortzio konplikatua. Asja Lacisekin amesten zuen etorkizuna.

Ez zuen lortu Scholemek bere laguna «geografikoki eta intelektualki» alboratzea. Brechti buruzko lehen gutun hartatik hilabete batzuetara jabetu zen. Ez dagoelako orainaldia erregai eta etorkizuna joko-zelai baino konbinazio eraldatzaile eta —zentzu on batean— suntsikorragorik. Laguntasunean, maitasun kotidianoan eta politika artistikoan gertatzen da. Bat-batean guztiaren zentzua aldatzen du harreman berri batek. Demostratzeke dago maitasuna talde-ekoizpenerako tresna ote den, laguntasuna, ordea, bada, bikote hark erakutsi zuen bezala. Lehenengo pertzepzio horietatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.