LARREPETIT

Marx eta bere alabak

Hedoi Etxarte -

2019ko maiatzak 18
Beste irakurle-demografia batzuek badute jeloskor jartzeko motiboa. Hizkuntza horietan, ekimen suizidenak ere badauka masa kritiko gutxieneko bat. Txikiena han posible da. Hori pentsatu nuen, berriki, Libros Corrientesekoek The daughters of Karl Marx. Family correspondence 1866-1898 gaztelerara eraman zutenean.

Gutun trukearen aurretik bada Sheila Rowbotham-en sarrera suntsitzaile bat. Bertan jasotzen da, esaterako, korrespondentzia lehenengoz argitaratu zenean (1913an) Bebel eta Bernstein bezalako sozialdemokratek nola baztertu zituzten gutunak: ez zen Marx bezalako pentsalari baten subjektibotasuna erakutsi behar. Gizon handi hark ezin zuen hutsik egin inon, ezin zen zaurgarria izan, ezin zuen tokiz kanpoko ezer adierazi.

Rowbothamen sarrerari esker badakigu Marxen emaztea, Jenny, mitin politikoetara zihoala, Marxen idazkaria zela, berak kopiatzen zizkiola artikuluak eta idazten gutunak, etxeko kontuak zeramatzala. Karl eta Jennyrena bizitza gero eta miserableagoa zen, pobreziatik pobreziara. Jennyk ezin zuen jasan bere hiru alabak hazten eta hazten ari zirela nola bizi ziren.

Alaben gutunetan ikusten da aitarekiko zuten pasioa. Eta aita hura ez zen soilik aita politiko eta filosofiko bat izan. Bere lan behinena, Kapitala, idazten ari zenean, Engelsi gutun batean esan zion «kontradikzio gehiegiren ostean, bazuela bere kuttunei milika suabe bat emateko gogo naturala». Marx iraultzailearen eta Marx aitaren kontraesan handietako bat bere alabekiko tratuan nabarmendu zen. Laura Paul Lafarguerekin ibili zenean, Pauli zuen diruaz galdetu zion. Marxek ez zuen nahi hautu politikoengatik berak bizi izan zituen miseriak jaso zitzaten alabek. Eta berdin pentsatzen zuen Jennyk: berak zuen fortuna guztia galdu zuen iraultzarengatik, ez zen damu, baina bere «asmoa» zen bere alabek amaren naufragioan ez zezatela jarraitu.