Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Clara Schumann gogoan

2019ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Irailaren 13an egin ziren 200 urte Clara Josephine Wieck jaio zela. Haurtzarotik, bere garaiko piano jotzaile performanteenetako bat izango zen. Europako azken puntara arte joan zen tekla zuri-beltzak jotzera. Arrakastak ez zuen inoiz kikildu. Baina Robert Schumann konpositorearekin ezkondu zen 1940an gazte.

Robertek etxean lan egiten zuenean erabateko isiltasuna nahi izaten zuen. Clarak ezin zuen pianoa ikasi. Ezin zuen konposatu. Ezkondu eta urte betera, gutun batean idatzi zuen atzeratzen ari zela pianoaren entseguekin. Robert konposatzen ari zenero «ordu bat bakarrik» zeukala egunean ikasi ahal izateko. Nancy B. Reich biografoaren aburuz, bi ordu egunean zeuzkan soilik ikasteko, eta asko jota. Iluntzeko seietatik zortzietara Robert «auzuneko tabernara joan ohi zen garagardoa edatera».

Robertek bazekien bere emazteari min egiten ziola. Baina ez zitzaion axola. Hala idatzi zuen: «Clarak badaki aprobetxatu behar ditudala albait gehien nire gaitasunak, nire unerik onenean nagoelako, gaztaroko une onenean. Hala behar du izan artistak ezkontzen direnean, eta biek elkar maite dutenean».

Hamalau urtez egon ziren ezkonduta. Azken bi urteetan Robert psikiatrikoan egon zen, Clarak behin bakarrik egin ahal izan zion bisita, hil baino bi egun lehenago. Zortzi seme-alabaz erditu zen Clara. Eta, bitartean, hamalau urte horietan, ehun eta hogeita hemeretzi kontzertu publiko eskaini zituen. Diziplina da menperatuen arma bakarra. Kontzertu horiek eman zioten familiari jaten. Baina Clarak ez zuen diruarengatik egiten. Berarentzat ez zegoen ezer artea ekoiztea baino gorenagorik. Eta, bereziki, ikasten ari zeneko unea atsegin zuen, munduaz ahazteko ordu horietan «soinuaren munduan soilik arnasten zuen». Eta arnasa horiek eman zioten elikagaia kontzertuak, balsak, laukoteak, liedak, kadentziak eta beste hamaika konposizio idazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.