Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Zabor kosmikoa

2020ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Urte luzez aritu naiz erantzuna prestatzen. Ez dut inoiz esperantza erabat galdu, nahiz eta, aitortu behar dut, ahuluneak izan ditudan noizbehinka, ia amore ematera bultzatu nauten etsipen aldiak. Nire defentsan adieraziko dut beste arlo batzuetako gertaerek konfiantza galtzeko tentaldia handitu dutela tarte horretan. Ostrakena da bat. Froga eztabaidaezinak agertu, eztabaidagarri bilakatu, eta azkenean, nire desesperaziorako, faltsuak izan. Baina honetan ez da horrela gertatuko, ziur naiz. Lurretik 500 milioi argi-urtera sortu omen dira Kanadako astronomoek jaso dituzten irrati seinaleak. Horra hor aspaldi espero nuena. Hamasei egunean behin errepikatzen da galaxia urrun batetik igorritako emisioa. Talde konspiranoikoek irrati-seinaleen gaineko funtsik gabeko azalpenak eman dituzte, Lurretik at izaki adimendua badela ukatzeko; bi izarren arteko talkaren ondorio direla, adibidez. Barregarria.

Beren mezua interpretatzen denbora galdu beharrean, nirea igorri nahi diet lehenbailehen auzokide kosmikoei: «Burutik—edo hausnartzeko erabiltzen duzuen gorputz ataletik— pasatu baldin bazaizue gugana etortzea, utzi. Inon den lana egin beharko zenukete bidaia egiteko, eta ez du merezi: tokitan bizi zarete, eta, iristen zaretenerako, planeta hutsik egonen da. Turbokapitalismo izeneko izurritea dugu hemen. Enpresen etekinak lehenesten dituzten agintariz josita dago gure planeta, biztanleen ongizatea enegarren lekuan utzirik —harrigarria irudituko zaizue, baina maiz kaltetutako herritarrek berek hautatzen dituzte gobernari horiek—, beharrik gabeko azpiegitura erraldoiek lurraldea estaltzen eta zulatzen dute, eta epe laburreko ikuspegiko ustiaketa basatiak Lurra basamortu bihurtuko du, zuek iritsi baino dezente lehenago. Gainera, kontuan izan bertan ale batzuk geratuko balira, planetan sartzeko oztopo ugari jarriko lizkizueketela. Horrelakoak gara; ez denok, ez beti, baina bai asko eta maiz.

Oh.: Baliteke zuen galaxian zabor kiratsa nabari izana nire mezua jasotzerako. Gurea da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.