LARREPETIT

Birusaren mozorroa

Blanca Urgell
2020ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Ostegunean alabak plakak zituen eztarrian eta sukar handia. Larrialdietara joan eta serio aztertu zuten, lehenengo plakak analizatuz eta gero, negatibo faltsua eman ondoren, odol analisiaz. Estreptokoko infekzio arrunta baino ez zen. Maskararekin eduki zuten denbora guztian, eta harekin atera zen ospitaletik. Kalean urrats batzuk egin eta kendu. Nork eraman begiradak?

Igandean amarenean egon ginen bazkaltzen, ohi bezala. Ahizpak maskara ekarri zion, badaezpadan. Gure ama 80tik gorako adin tartean dago eta, gainera, asma garatzen duten alergiko horietakoa da. Arrisku taldekoa bete-betean. Plantak egiten saiatu arren, kezka adierazi zigun. «Ama, baina, telebistako zein kate ikusten duzu?», esan genion: «Tragediak baino botatzen ez dituen bat, ala?».

Gaur Gasteiz izendatu omen dute koronabirusaren Espainiako gune beltzenetako bat, Hego Euskal Herriko beltzena behintzat. Zehazki zer eta Txagorritxuko ospitalea. Zehazki nor eta bertako medikuetan daude lehenengo gaixoak.

Gogoa hara-hona dabilkit, hipotalamoaren menpe nonbait. Zer estaltzen du birusak? Ihes egin zien ala nahita hedatu dute? Txinatarrek ala estatubatuarrek? Birusaren bilakaerari buruzko alerta benetakoa da eta, beraz, beldurgarria, ala prentsaren handizkatu beharraren ondorio?

Batek daki laster ez ote garen denok etxean zarratuta egongo, txinatarrak ikusi ditugun bezala. Neuk badut zati bateko lanik, baina hozkailua ez dut uste egun asko emateko moduan dagoenik. Maskararik ez geuk. Zer gehiago egin dezakegu? Eskuak etengabe garbitu, zoroen modura? Otoitz, AEBetako presidenteordeak bezala? Ba ote daki inork ezer ezertaz?

Krisi erraldoi honen mendiak azkenean saguaz erdituko direlakoan nago, amaieran mundu globalizatuaren ergelkeriaren aurka berriro ere bereak eta bost esateko prest. Eta, egia esanda, horiek horrela, happy end gatzil xume bat nahiago. Ze demontre.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.