Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Etxeratze agindua

2020ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Ez nekien neronek ere azkenaldiko gai nabarienaz idatzi behar ote nuen ala ez, informazio gaindosia saihestu nahian —Iruñean ez da beste ezertaz hizketatzen, antzeko egoeran dauden gainerako hiriburuetan gertatuko den bezala—, baina ezin izan diot tentazioari eutsi WhatsApp taldean bidali didaten bideoa ikusi ondoren. Iruñeko Arrotxapea eta Sanduzelai auzoko hainbat kide agertu dira telefonoko pantailan, eta arazoa konpontzeko neurri eraginkorrak hartzeko eskatu diote, zuzen eta zehatz, Txibiteren gobernuari. Itxura eta ahoskeragatik esanen nuke auzotar batzuk urruneko herrialdeetatik gurera bizitzera etorriak direla Ortega Smith parlamentari faxistak adieraziko luke gertatzen zaiena ongi merezia dutela, kalapita leporatzeaz gain, eta beste batzuk ez dute ematen, berriz fisionomiari erreparatuta. Denak Iruñeko auzokide izanik, axola ote du non jaio diren? Azken finean, zorigaitzak ahulenak jotzen ditu. Honezkero 160 familia baino gehiago izanen dira arriskuan; akaso etxeratze agindua izan liteke larrialditik onik ateratzeko irtenbidea.

Berriz irakurrita, pentsatzen hasia naiz testua ez ote den engainagarria izanen, balitekeelako bideoaren gaia aipatuena ez izatea iruindarren hizketaldietan; hala ere, ziur naiz edozeinek segituan harrapatuduela putre funtsez ari naizela, eta espekulazioa dela auzokideen kezka. Testa Residencial enpresak hainbat etxebizitza sozial erosi ditu Iruñean Azorak eta Blackstonek berdin jardun dute Donostian, alokairuak gupidagabe igo dizkie maizterrei eta, ondorioz, etxegabetze arrisku handia dute. Irtenbidea eskatu diote gobernuari kapitalismoaren biktimek.

Bideoko auzotarren hitzak oraindik buruan, nonbait aditu dut Italiako Gobernuak hipoteken ordainketak aldi batez etetea erabaki duela Covid-19 izurriteagatik. Kataluniako patronalak, ordea, lanetik kaleratzea errazteko eskatu omen die gobernuei. Kataluniak ez luke zertan arlo guztietan eredugarri izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.