Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Bauhaus eskolako emakumeak

2020ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Egunotan asko irakurtzen ari naiz, eta normalean ikusten ez ditudan gauzak gozatzen (edo) nabil; zuk bezala, nik ere denbora demasa baitut. Alemaniako telebista batek ekoitzitako Bauhaus: Die neue zeit (Bauhaus: garai berria) ikusi dut, eta, horren eraginez, Bauhaus eskolan izan ziren emakumeen ingurukoak begiratzen hasi naiz. Ez dago asko, baina bada zer hortik. Walter Gropiusek abiarazi zuen eskola Weimarko errepublikan. Ez zuen asko iraun, urtekada batzuk besterik ez, baina hortik izen ezagunak gelditu dira, bai irakasle gisa aritu zirelako, eta baita ikasle gisa ere. Paul Klee, Vasily Kandinsky, Mies Van der Rohe... Eta emakumeak? Eskola horretan edozeinek eman zezakeen izena, eta hainbat emakume abiatu zen bertara. Eta orduan mugak etorri ziren. Gropiusek esan ei zuen zelanbaiteko sailkapen zorrotza egin behar zela eskolara ez zedin edozein sartu. Sailkapena emakumezkoekin, jakina, gure gaitasuna beti izan da zalantzagarria. Gauza batzuetarako aurrerakoi har genezakeen Gropiusek berak ere pentsatzen zuen emakumeak genetikoki hobeto moldatzen zirela bi dimentsioetan. Marianne Brandt, Lilly Reich, Dötte Helm, Gunta Stolzl, Anni Albers, Alma Siedhoff-Buscher, Otti Berger... 400dik gora emakume aritu zen han bi dimentsiotik gora.

Bauhaus Eskolaren mendeurrenak argi apur bat eman die emakume aitzindari eta apurtzaile hauei, baina oraindik ere zalantzagarriak gara. Izan ere, aipatu dizudan telesail horrek aipatzen du, esaterako, Gunta Stolzl artista, baina batez ere, Dörte Helm margolari eta diseinatzailea du jomugan. Eta zer kontatzeko eta maitasun istorio ustezko bat. Alegia, berriz ere bigarren mailan (edo deuseztatuta) geratzen direla emakumearen jardun artistiko eta profesionala. Maiz pasatzen zait, espektatibaz beterik joan zerbaitera eta zaputz hartu. Denbora lar dudanez, zerbait interesgarria aurkitzen badut, kontatuko dizut, honek luze joko baitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.