Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Gorputzak

2020ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Fededun batzuek uste dute gorputza azal bat dela, arimaren biltegia; alegia, benetan babestu beharrekoa ez dela gorputza, arima baizik. Altered Carbon telesailean ere antzerako ideia darabilte. Betiereko bizitzarako gakoa lortu dute, kontzientzia da gorputzik gorputzera dabilena. Horretaz gogoratu naiz Santiago Alba Ricori La Marea-k egindako elkarrizketa irakurtzerakoan. Berak dioenez, mendebaldeko gizarteak gorputz barik bizi izan dira, haizezko eran, betirako balira legez. Gorputz hilgarriak besteenak ziren; etorkin, terrorista eta errefuxiatuenak. Gurea airea zen. Orain, baina, gure gorputzak ikusi ditugu, sentitu ditugu. Gure ahuleziaren eta zaurgarritasunen kontzientzia hartu dugu. Arestian aipatutako telesailean klase borroka markatzen dute gorputzek. Dirua daukatenek garaiak ezarritako edertasunezko gorputzak dituzte. Osterantzekoek, berriz, gorputz marguldu eta higatuak dituzte. Nik ez dakit gorputzik gabe bizi izan ote garen; heriotzarik ez balego bezala bizi izan garela, eta bizi garela oraindik, bai esango nuke. Ez digute heriotza bizitzan integratzen irakatsi. Pragmatikoki denok dakigu heriotza bat egongo dela, baina beti pentsatu ohi dugu oso urrun dagoela, eternitatetik metro batzuetara. Noizean behin bizitzak ezuste latzak ematen dizkigu, gure ingurukoen heriotzak edota guri geuri jasotako lazgarritasunik, amildegira botatzen gaituztenak.

Orain gorputzak gara inoiz baino gehiago. Besarkada, eta oro har, ukimenen beharra daukagunean, eta, jakina, ikusten ez dugun nano izaki batek eraso egiten digunean. Gorputz hilgarriak gara, eta gorputzekin bizitzen ikasi beharko dugu. Kolpean etorri zaigu kontzientzia, beldurrarekin batera. Horixe da, hain zuzen ere, gure ahulezia, eta, aldi berean, gure indargunea. Baina, maiz, lehenengoa gailentzen zaigu eta ahaztu egiten dugu gorputzen kontzientzia izateak zenbat ahalduntzen gaituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.