Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Gure hirietan bizi liteke?

2020ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Zorionez edo zoritxarrez, ez naiz bizi hamar mila biztanletik beherako herri batean. Horrek dakarren guztiarekin: bizi naizen hiritik irteteko eragozpenak daude, eta ordutegiak ere izan ditut, beste hamar milatik gora biztanleko herri eta hirietan bizi direnek legez. Iluntzekoetan irten ohi naiz osteratxoak egitera. Ibilbide bi baino ez ditut nagusiki, naturatik hurbil egotea uste baino zailagoa da porlanezko hiri honetan. Beste ordutegi batzuk izaten dira nireak, goiztiarragoa bainaiz, baina iluntzearen plazera berreskuratu dut asteotan. Jendetza izugarria dago, bai, izugarria, eta kexuak baino ez dira entzuten hara eta hona gabiltzanon aurka. Irakurtzen badituzu sare sozialetan jendeak (maiz izen-abizenik gabe) esaten dituenak, kexu berberak direla jabetzen zara. Gu gure kontra. Ez esan, gero, mundialak ez garenik. Entzun izan dut hortik eta hemendik pilaketen erantzukizuna kaleak eta bideak hartu dituzten/ditugun jende horri egozten. Kexatientzat jendea den horrek ere badu kexarik; izan ere, horientzat besteak dira jendea; alegia, denok garela jende hori. Ibai Gandiaga arkitektoarekin hizketan, adibide bat jarri zidan: Espainiako Estatuko biztanle guztiak bizi dira lurraldearen %12n. Frantziako Estatuan, aldiz, populazioaren %75 hiriguneetan bizi da. Euskal Herriari dagokionez, baditugu husten ari diren herri eremuak, hirigunearen inguruan batzen ari baita populazioa. Jende gehiegi dago? Ez, eta are gutxiago Euskal Herrian, non jaiotza tasa Europako baxuenetakoa den. Beraz, zer gertatzen da? Ondo eraiki ditugu hiriak? Bizigarriak dira? Hirigintzak beste jauzi bat eman behar al du?

Derrigorrezko etxeratze hau hirigintzaz ematen ari zaigun lezioaz ez dakit zerbait ikasiko ote dugun. Ondo legoke hiriak eta bere hezurdura dena XXI. mendean bizi garen jendearentzat pentsatzen hasiko bagina eta balira. Aldaketak datozkigu. Asko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.