Nora Arbelbide Lete.
LARREPETIT

Theresa bizi balitz

2020ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Jon Mirandek idatzi Haur besoetakoa liburuko Theresa bizi balitz nola erantzunen zukeen liburuan agertzen denari, erantzuteko gogoa izan balu? Liburuko11 urteko Theresak orain 77 urte lituzke. Zein litzateke bere irakurketa?

Anakronismo bat dirudi, baina galderak leku txiki bat har dezake, Vanessa Springoraren Le consentement (Onespena, Grasset, 2020) liburua irakurririk.

Gabriel Matzneffek, garaian 50 urte zituen idazle famatua zenak, «seduzitu» zuen Vanessa Springora, honek 14 urte zituela. Hiru hamarkada berantago, Springorak liburuan kontatzen du gizon horren eraginpean jasan sufrimendua. «Ehiztaria bere zepo propioan harrapatu» nahi izan duela esplikatzen du Springorak, «liburu batean giltzapetuz».

Springorak ez du gordetzen nola «maitatu» zuen hasiera batean. 14 urteko neska hark sentitzen zuena hor kontatua. Maitasuna ote zenez? Zergatik ez luke maitatzen ahal 14 urteko neskak 36 urte gehiago dituen gizona? Ehunka aldiz galdera bere buruan itzulikatu duela idazten du Springorak. Baina finean, hau dela gakoa: «Ez zen nire erakarpena galdekatu behar, baizik eta berea».

Orain arte liburuetan agertzen zen Springora, baina Matzneffek idatzietan. Matzneffen lumapean, Matzneffek bere burua laudatzen zuela, Springora bera «la petite V» (V txikia) bihurrarazia, neska txiki ezegonkorra, jelosiak jana. Springorak honela azaltzen du idatzi hauen bortizkeria: «Irakurleentzat hitzak baizik ez dira, literatura. Niretzat, lehertzearen hasiera». Liburuen bidez, neska eta mutil gazteen «deposezioaren» indarraz ohartzekoa ematen du Springoraren liburuak.

Theresa fikziozko pertsonaia da Haur besoetakoa-n. Hori bai, beti protagonistaren filtrotik baizik ez da agertzen. Nor ote da zinez Theresa? Non dago bere libertatea? Nago Theresa pixka bat badagoela Springoraren liburuan. Baina ez dugu jakinen. Haur besoetakoa-n hiltzen baita Theresa, bere 11 urterekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.