Samara Velte.
LARREPETIT

Etxeko itzal hura

2021eko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Nola joaten zaigun kontrako eztarrira goizeko elkarrizketa bat. «Badirudi adikzioen mundua soilik mutilena dela», irakurri diogu ikerlari bati orriotan, emakumeek menpekotasunak artatzeko orduan jasotzen dituzten oztopoei buruz ari dela: «Lotsatuta eta errudun sentitzen dira huts egiteagatik, zuzena eta perfektua ez izategatik». Eta are gehiago familia baten arduradun badira. Zein amari onartuko zaio, bada, substantziekin neurri gabe jokatzea?

Alkoholismoa, menpekotasunak eta jokabide obsesiboak: hondoa jotzetik bi zentimetrora zauden arte, ukatzea errazago zaizkigun mamu horiek. Euren aurpegi sozialak babesten dituenak. Gutako zenbatekin bizi izan ote da itzal hori, izenik ipintzen ez diogun artean existituko ez delakoan? Nonbait, bizilagunei arazoak eragiten dizkiena da alkoholikoa; aldiz, adikzioa etxekoa eta isila bada, daramazun etiketa ere xuxurlatua izango da.

Duela gutxi jakin nuen Guraso Alkoholikoen Seme-Alaben Sindromea existitzen dela. Antza, txikitan inguruan menpekotasunak izan ditugunok hainbat portaera partekatzen ditugu helduaroan: bakartze sentsazioa, besteen onarpena konpultsiboki bilatzea eta aldi berean harreman estuei izkin egitea. Haurtzaroan, besteen normaltasunarekin eta onartutako jokabideekin obsesionatutako umeak izan ginen, eta orain zorrotzegiak gara mundu guztiarekin. Goiz samar utzi genion haur izateari, gurasoak eta haien irudia babesteko beharra sentitzen genuelako. Orain, heldutan, maitasuna eta errukia nahasten omen ditugu; beti daukagu aski onak ez izatearen irudipena, ingurukoen laudorioak merezi ote ditugun sinetsiko ez bagenu bezala. Kontrolatzen ez ditugun aldaketek izua eragiten digute.

Errealitatea ukatzera ohitu ginen, eta bestelako errealitateen bilaketarekin obsesionatu. Ez ginen haur distiratsuki helduak geurez; besterik gabe, etxeko beste gelan bizi zen izenik gabeko itzal haren beldur ginen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.