Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Ilunpetan

2021eko urriaren 7a
00:00
Entzun

Atletismoaren aro loriatsuetako kirolaria balitz bezala, argindarraren prezioak beste marka bat hautsi du. Argia piztea inoiz baino garestiagoa da, eta, joera ikusita, litekeena da errekorra laster gainditua izatea, marka historiko berriak aurreko marka historikoen gainean pilatzen baitira. Historikoa ere izanen da estatuko inoizko gobernurik aurrerakoienaren ibilbidea, baina seguruenik ez da horrela gertatuko bere burua horren harro izendatu zuenean aditzera eman nahi zigun ausardiagatik. Argiaren distira itzali zaio. Horren adierazle bat, eta ez da bakarra: Teresa Ribera Trantsizio Energetikorako ministroak «enpatia soziala» erakusteko eskatu zien —bai, eskatu, eta ez hain zuzen ere aditzak duen exijitu adieran— konpainia elektrikoei. Eskaera oso argudio aurrerakoiaz lagundu zuen: enpatia sozialak burtsan kotizatzen du. Atx, Iberdrolan, Endesan eta Naturgyn dardarka ari dira! Seguruenik, enpresa elektrikoek argindarraren prezioa garestitzeko beste urtegi bat husten duten hurrengoan, negar malkoren bat isuriko dute enpatia erakustaldian, eta aholkularien luntxetako zizka-mizken hondarrak gordeko dituzte sukalde elektrikoa pizterik ez dutenendako. Eta burtsan etekina aterako diote.

 

Argindarraren faktura ordaintzeko zailtasunengatik hainbat etxetan ilunpetan bizi behar izaten den bitartean, Pandoraren paperek argitara atera dute dirudun askok muzin egiten diotela zergak herrialdean ordaintzeari, beren kapitala paradisu fiskaletara eramanda. Eginkizun eredugarri horretan ere emeritua omen dago tartean. Kontxo, Juan Carlos, zu gabe finantza-eskandalurik ez! Nabaria da zeinen arin jokatzen duen gobernu aurrerakoietan aurrerakoienak boteretsuekin —gogora dezagun Espainiako Gobernuko alderdi nagusiaren erruz ez dela monarka ohiaren legez kanpoko jarduerarik ikertu— eta, aldiz, zer gupidagabe aritzen den maiz herritar zaurgarrienekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.