Blanca Urgell
LARREPETIT

Galiaren konkistaren ondoren

2022ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Egiatan euskara eranskaria da, hizkiak elkarri «eransten» baitzaizkio hala hitz berriak nola hitz bat eta beraren gramatika-aldaerak sortzeko: ama-re-kin, di-da-zu, amul-tsu-tasun...Chinook hizkuntza-taldekowishram mintzoan (Oregon) a?imluda 'emango dizu' honela ulertu behar omen da: a- 'geroaldia', -?- 'berak' (nork) i- 'bera' (zer), -m- 'zu', -l- '-ri' (nori),-ud- 'eman' eta -a 'geroaldia'.

Ikusi dut emazteki bat ezkontzeko jantzita 1910eko argazki batean. Ni jaio nintzen hamarkadan hamar wishram erroldatu ziren. Batzuek esango lukete eranskaritasunak hil zuela hizkuntza hura. Esan ere, esan izan dute euskara hilko duela. Lasai, bada, lekutan baikaude wishramek lortu zuen perfekziotik: gurean ez dago hain errotua eta, beraz, ezta hain zaharra ere.

Turkieraz Çekoslovakyalõla?tõramadõklarõmõzdanmõ?sõnõzcasõna esan omen daiteke. Elia gajoak ezin izan dit lagundu, baina hauxe ulertu uste dut: 'Txekoslovakiar bihurtu ezin izan bide genitzakeen horietako bat zu izateko moduan'. Gurean ere Martin Harrieten aitarenarenganikakoarena erabili da (1741), epatatzeko you know, baina gauza normalagoak ere halakoak omen turkieraz.

Aldiz, euskal kasu sistemaren hipotesi eranskariak arazoak ditu, adibidez mendi-e-k ezin azaldu baita eranskaritasunaren legearen arabera: morfema bakoitzari esanahi bat (-e 'plurala' eta -k 'ergatiboa'? Eta nolatan -e?). Manterolak proposatu du *ha erakusleaz sortu zela kasu sistema mugatua osoki, hots, *mendi-ha, *mendi-han, *mendi-hek, etab. Lehengo arazo batzuk ondo azaldu dituenez gero, Manterolak hipotesi on bat egin duela esan behar.

Hipotesiak ez dira egia, ordea, mundua ulergarri egiteko moduak baizik. Lehergailuek hil bitartean. Lehendik etorritakoen beharrak estali gabe dauden bitartean. Mediterraneoan itoak mantsoki zolaraino heldu bitartean. Gibbonen liburu ospetsuak dio: «...baina ergelkeria eta anarkiako hamar mendek jarraitu zioten beraren Galiaren konkistari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.