Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Gerra guziei intsumisioa

2022ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Paul Valéry idazle frantziarrarena da esaldia: «Elkar ezagutzen ez duten pertsonen arteko sarraskia da gerra, elkar ezagutu bai bainaelkar sarraskitzen ez duten pertsonek etekina atera dezaten». Gerren aurkako aldarria da poetaren baieztapena, begi bistakoa hitzetara ekarrita. Okupatzaile naziekin kolaboratzeari uko egiteagatik, letra-gizonak Vichyko Gobernuaren errepresioa jaso zuen. Edozein ekintza antimilitarista gidatu lezakeen leloaren sortzailea, paradoxikoki, Frantziako Defentsa Ministerioko erredaktore aritu zen tarte batez, gaztetan. Nork ez du orbanik bere ibilbidean?

Gerran sarraskiak egiten dira, gerra, berez, sarraskien metatzea delako. Elkar ezagutzen ez duten gizakiek burutzen dituzte, eta horietako hainbatek badute gehiegikeria anonimatuan geratuko delako esperantza. Direnak direla, ezinbestekoa da jakitea nor diren triskantzen egileak eta, agian are garrantzitsuago, zabaltzea nork jasotzen duen bidegabekeriaren mozkina, jakina. Baina, aldi berean, amorragarriak dira sarraskia bera ahantzita sarraskiaren egiletzaz aritzen diren eztabaida interesatuak, baita sarraskitzailea argia denean ere.

Laurogeiko hamarkadan intsumisioaren eta kontzientzia eragozpenaren mugimenduan parte hartu zuten zenbait lagunek deitu dute Iruñeko manifestaziora larunbat honetarako,Gerra guziei intsumisioa lelopean. Baten batek pentsa lezake milurtekoarekin batera amaitu zela antimilitaristen aldarrikapena, derrigorrezko zerbitzu militarra behin desagerrarazita. Bada, ez: bai gerrak sortzen dituzten desberdinkeriek, bai gerrek ekartzen dituzten bidegabekeriek bere horretan jarraitzen dute. Baziren, badira, eta tamalez, izanen dira. Hemen, intsumiso ukrainarrei eta errusiarrei asilo politikoa eragozten zaien bitartean, euskal arma-industria prestatzen ari da eskaerari taxuz aurre egiteko, eta hainbat bulegotan pozarren hartu dute berria. Etekina, badakizu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.