Ander Perez Argote
LARREPETIT

Mendia, gurasoak eta gu

2022ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Tontorrean kroketak zeudela esanda engainatzen gintuzten. Gezurra zela bagenekien, baina gora hala ere. Kexa etengabean aritzen ginen gurasoek mendira eramaten gintuzten aldiro. Asteburuero joan behar izateak ere ez zuen laguntzen, egia esan. Ia beste planik ez genuela eman dugu haurtzaroa, lagunartean beti, mendian gehienetan. Aldapan gora, eta kexaka. Umezaroak mendi itxura du, erreka hotsa eta furgoneta usaina. Idilikoa orain itxuraz, purrustada iturri txikitako garaietan.

Merezi izan duela aditu diot asteburuan gurasoen kuadrillako baten bati. Gure aurrean, harrotasun puntu bat nabari zaie seme-alabok egun mendia maite dugula ikusita. Aurrean ez gaituztenean, harrotasun osoa. Izan ere, borondate eta gogo propioz animatu gara orduko hainbat haur —30en inguruan denak gaur egun— gurasoekin batera mendi trabesia bat egitera. 3.000 metrotik gertu aterpetxe batean, orduko berak, baina zaharrago.

Tontorretik, inguruko gailur guztiak seinalatu, eta banaka zerrendatzen dituzte mendien izenak. Baina guk badakigu ez direla bakarrik mendiaz ari. Askatasun bidetzat jaso dugu mendia haien kontakizunetan. Kontatu digute nola, frankismoaren hondarretan, ihesbide zitzaien autobusa hartu, zuri-beltzezko kaleetatik alde egin eta mendira taldean joatea. Bujarueloko akanpadetako oroitzapenak aletu dizkigute. Sepia kolorezko mendiko argazkiz josita dauzkagu albumak etxeko apalategietan.

Mendiek hor diraute, baina gurasoak zahartzen ikusi ditugu bidean. Hau eta bestea dagoeneko halako planetara ez datozela elkarri kontatzen entzun ditugu, bizkarra hondatua duela batak, altuerak ezin jasanda dabilela bestea. Eta joango direla gainontzekoak ere tantaka erortzen, saihetsezina aitortzen diote elkarri.

Nik ez dakit guretzat mendia zer den, handiegi egiten zait ihesbide hitza. Baina badakit mendia norengatik den, eta norekin. Ea harrotasun puntua ez zaidan nabari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.