JIRA

Ilargi on

Angel Erro -

2018ko urriak 24
Zer poetak abestuko zion ilargi artifizial bati? Edozeinek, egia esan. Ez gaitezen engaina. Baina agian ez da hori galderarik egokiena. Zer behar dago Txinako bosgarren hiri jendeztatuagoaren gainean orbitatzera bidali behar edo nahi duten satelite argitzailea, ilargi itxurakoa, baina zortzi aldiz dirdiratsuagoa, hiriko argiteria osatzera, eta are ordezkatzera ere, omen datorrena, abian jartzeko? Behar gutxi, baina agian hori ere ez da galdera egokia, garaikideek bere unean premia ikusi gabeko gauza erabilgarriez inguratuta gaudelako. Beharrak sortu egiten dira. Edo bestela asmatzen. Segurtasuna, esaterako, aitzakia ederra izaten da, eskuinetik hasi, hitzez hitz, eskuinetik hasi eta ezkerreraino zabal daitekeena.

Chengdu hirian halako ilargi bat piztuko balute (piztu, amatatu ere egin daitekeelako, eta baita argitasuna erregulatu ere), bertako hamar milioi hiritarrez gain, ostertzean ikuska lezakete ondoko eskualdekoek eta baita ondoko herrialdekoek ere, bekaizkeria, derragun, poetikoa bidenabar piztuz. Poesia sustatzeko bada ere, laster piztuko luke beste hiri batzuetan ere. Euskal Herrikoak ez lirateke azkenak. Ez luke ongi emanen ilargi beti bete bat Kontxaren gainean jazz edo zinema zaleen argigarri?