Bide egiten segitzera

Bera Berak eta Zuazok ligako partidak dituzte gaur. Gipuzkoarrek Malaga hartuko dute; bizkaitarrak, berriz, Gijonen pabiloian ariko dira

Bera Berako Manuela Pizzo eta Zuazoko Ainhoa Hernandez lehian. G. RUBIO / FOKU.
ainara arratibel gascon
2020ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Liga irabaztea du helburu Super Amara Bera Berak; mailari eustea, berriz, Zubileta Evolution Zuazok. Urratsez urrats egiten da bidea, eta Espainiako Ohorezko Mailan dauden bi taldeak beste pauso bat eman nahi dute gaur beren helburua lortzeko bidean. Bera Berak Malagaren aurka jokatuko du Bidebidetan; Zuazok, berriz, Gijonen pabiloian.

Sasoi honetan etenez eten doa liga. Aurreko asteburuan, ez zen partidarik izan, eta hurrengoan ere ez, Espainiako Kopako norgehiagoka izango baitira. Bera Berako jokalariek ondo gogoan izango dute urteko azken partida, garaipen baliotsua lortu baitzuten Ro'Casaren pistan: 21-32. Hala, lehen postua sendotzeaz gain, bost puntura aldendu dute egungo txapelduna.

Baina donostiarrek zuhur izan nahi dut. Izan ere, sailkapena oso estu dago, eta Gijon, Guardes eta Elx Bera Beraren huts baten zain daude aldeak murrizteko. Lau puntura daude talde horiek.

Gainera, 2018ko otsailean gertatutakoa dute gogoan. Izan ere,Bera Berak 30-33 irabazi zuen Ro'Casaren aurka, eta hurrengo jardunaldian 22-29 galdu zuen gaurko aurkariaren kontra. Ligan Bera Berak Bidebietan galdutako azken partida izan zen Malagaren kontrakoa. Imanol Alvarez entrenatzailea pozik dago taldeak Ro'Casaren aurka egindako partidarekin. «Baina horrek ez digu ziurtatzen Malagari irabaztea errazagoa izango denik. Haiek espero baino apalago aritu dira orain arte, baina aukera asko dituen taldea da, bai erasoan zein defentsan. Duten ahalmenari etekina ateratzen badiote, berehala egingo dute goiko postuetarako urratsa». Gaurko partidarako jokatu ezinik segitzen du Nekane Teresek, eta Priscila Dos Santos sartu du haren ordez deialdian.

Zuazok arnasa apur bat hartu zuen aurreko jardunaldian, Alcobendas aurkari zuzenari 26-25 irabazi ostean. Sasoiko lehen garaipena izan zen, eta horri esker azken postutik atera zen. Baina oraindik arrisku bizian da, azken aurreko baita.

Gaur ez du neurketa erraza, Gijon bigarren baita sailkapenean. Espainiako taldea denboraldi aparta egiten ari da, eta etxean talde oso indartsua da. «Galdu arren, partida guztietan lehiatu gara ondo. Baina garaipen bat behar genuen guregan konfiantza izateko. Hori Alcobendasen aurka ailegatu zen. Baina oraindik ere asko dugu hobetzeko, eta bide horretan segitu behar dugu», adierazi du Joseba Rodriguez Jaito entrenatzaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.