Maldizioa txikitu du

Liverpoolek Ingalaterrako Liga irabazi du, azkenekoz hori egin eta 30 urte geroago. Estatistika ikusgarriak lortuta eta aurkari guztiak hankapean ibilita irabazi du.

Liverpooleko zaleak, titulua ospatzen, Anfield Roaden. LYNNE CAMERON / EFE.
Julen Etxeberria.
2020ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Ingalaterrako Liga gorria da berriro. Eta ez da Manchester Uniteden gorria, ezta Arsenalena ere. Liverpoolen gorria da. Anfield Roadeko taldeak hemeretzigarren aldiz irabazi du liga, azkena irabazi eta 30 urte geroago. Lehen titulua du Premier League delakoan. 1992an hartu zuen Ingalaterrako maila nagusiak izen hori, eta aurretik irabaziak zituen Liverpoolek titulu guztiak. Amaitu da, beraz, bolada txarra, maldizio kutsua zuena.

Herenegun gauean lortu zuen titulua. Manchester Cityk Londresen, Chelsearen aurka galtzea behar zuen txapeldun izateko, eta horixe gertatu zen: 2-1 galdu zuen Pep Guardiolak entrenatutako taldeak. Akabo Manchester Cityren nagusitasuna. Bi urtez jarraian txapeldun izan eta gero, saririk handiena gabe geratu da.

Liverpoolek denboraldi ikusgarria osatu du. Mundu bat egon da haren eta aurkarien artean: 23 puntu ateratzen dizkio bigarren sailkatuari, Manchester Cityri, eta 31 hirugarrenari, Leicester Cityri. Inoiz ez da talde bat txapeldun izan horrenbesteko aldearekin. Ezta horren goiz ere, oraindik zazpi jardunaldi falta baitira.

Estatistika ikusgarriak lortu ditu: jokoan egon diren 93 puntuetatik 86 eskuratu ditu. 28 partida irabazi ditu, bi berdindu eta bakarra galdu, Watforden aurka. Hain zuzen, porrot horrek bolada ikusgarria eten zuen: 44 neurketa zeramatzan galdu gabe ligan, eta azken 27 partidetatik 26 zituen irabaziak. Liverpoolek aukera du zenbaki ikusgarri horiek hobetzeko. Eta horien artean helburu bat du begiz joa: inork baino puntu gehiago batzea. Cityk du marka, ehunekin. Iaz lortu zuen. 97 batu zituen orduan Liverpoolek, marka bikaina ere. Baina alferrikakoa izan zen. Orduan hartu zuen indar handien Liverpoolen maldizioaren kontuak. Baina akabo maldizioa. Txiki eginda geratu da.

Kloppen eskua

Ezin da ulertu Liverpoolen berpiztea Juergen Klopp entrenatzailearen lana aintzat hartu gabe.2015eko udan iritsi zen. Jota zegoen kluba. Zelaian, denbora zeraman ezinean. Ohitura bilakatua zuen Txapeldunen Liga hasi eta gutxira bidean geratzea. Eta horrek ondorioak izan zituen zelaitik kanpo. Etenda zen zelaiko jardunaren eta klubaren historia oparoaren arteko lotura. The Kop harmaila ospetsuak berea egiten zuen, You'll Never Walk Alone ereserki ospetsua gogotsu abestuz, baina hori ez zen nahikoa taldeak gora egin zezan. Argi zegoen: iraultza bat behar zen, inork klubari astindu bat ematea.

Eta Kloppek horixe egin du azken bost urteetan: Liverpool astindu, eta berriro gailurrera eraman. Lehen sasoian, Europa ligako txapeldunorde izan zen taldea. Bi urte geroago, Txapeldunen Ligako txapeldunorde izan zen. Iaz, berriz, beste koska bat igo zuen, eta Txapeldunen Liga eta Kluben Arteko Munduko Kopa irabazi zituen. Liga da garaipen zerrenda horri gehitu dionazken titulua.

Askok jada Bill Shankly Liverpooleko teknikari mitikoarekin alderatzen dute Klopp. Shankly 1959an iritsi zen klubera, taldea Bigarren Mailan zegoela, eta gorenera eraman zuen. Tituluez gain, nortasuna, estiloa eta arima eman zizkion. Haren aginduz jarri zen aldageletako tunelean Hau Anfield da dioen kartel famatua. Jokalariek hura ukitzen zuten zelaira irten aurretik, baina Kloppek debekatu egin zuen hori egitea, lehen titulua lortu arte.

Aulkian Klopp, eta zelaian, jokalari bikainak: Virgil Van Dijk, Mohamed Salah, Sadio Mane eta Roberto Firmino, besteak beste. Guztiek eman dute sekulako jauzia entrenatzaile alemaniarraren aginduetara.

Luzea izan da itxaronaldia, horren luzea, ezen txapeldun zirela jakin bezain laster hasi zituztela ospakizunak Liverpooleko kideek eta milaka zaleek. Ez maskararik, ezta segurtasun distantziarik ere. Bazter batean utzi zituzten koronabirusagatik ezarritako neurri guztiak. Horrek alarma eta haserrea piztu du, COVID-19a gogor ari baita jotzen herrialde hura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.