Armenia prest agertu da su-etena adosteko negoziazioei ekiteko

Bitartean Azerbaijanen erasoei kontra egiten jarraituko dutela jakinarazi dute

Etxe bat suntsituta, egunotako Karabakh Garaiko borroken ondorioz. STRINGER / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Igande goizaldean piztu ziren borrokak Karabakh Garaian, Armeniaren eta Azerbaijanen artean, eta bi aldeek elkarri egotzi zioten liskarrak piztu izana. Ordutik, erasoek ez dute etenik izan, eta oldarraldiak gaiztotu ere egin dira. Ohikoak dira bi herrialde horien arteko liskarrak, baina eremu horretan 2016tik gertatu den erasoaldirik larrienak izaten ari dira. Horiek horrela, negoziazioei bide emateko posibilitate zantzu bat atzeman zen atzo, Armeniak jakinarazi baitzuen prest dagoela su-eten bat negoziatzeko Minskeko taldea osatzen duten herrialdeen bitartekaritzarekin; Frantzia, Errusia eta AEB Ameriketako Estatu Batuak ditu buru talde horrek.

Hain zuzen, estatu horietako buruzagiek adierazpen bateratu bat egin zuten herenegun, eta Karabakh Garaiko erasoak eteteko eskatu. «Armeniari eta Azerbaijani dei egiten diegu gatazka konpontzeko negoziazioei berrekiteko, fede onez eta aurretiazko baldintzarik gabe». Vladimir Putin Errusiako presidenteak, Donald Trump AEBetakoak eta Emmanuel Macron Frantziakoak «irmoki» gaitzetsi zituzten liskar armatuak.

Komunikatu horri erantzun zion atzo Armeniak, eta Erevan arazoa modu baketsuan konpontzearen aldekoa dela adierazi zuen. Aldi berean, Atzerri Ministerioak jakinarazi zuen 1994an bi aldeek hitzartutako su-etenean oinarrituta Minskeko taldearekin lan egiteko prest dauden arren, Azerbaijanen erasoei kontra egiten jarraituko dutela. «Azerbaijanen eta Turkiaren ekintza oldarkorrek eta atzerriko borrokalari terroristen erabilerak bakea eta eskualdeko segurtasuna gutxitzen dituzte, eta nabarmen areagotzen dute gerra baterako arriskua».

Borrokak piztu zirenetik, nazioartea ahaleginean ari da su-eten bat lortzeko, eta dei egin die herrialdeei menia bat adostera. Bakoitza sendo mantendu da, baina, gatazkarekiko ikuspegietan, eta negoziazioei ekiteko giroak ez dirudi aproposena. Ilham Alijev Azerbaijango presidenteak derrigorrezkotzat jo zuen Armeniako tropak «lurralde okupatuetatik irtetea» elkarrizketekin hasi nahi bazuten, eta bitartean operazio militarrekin jarraituko zutela jakinarazi zuen; urrats hori ezinbestean egin behar dela iritzi diote gatazkari konponbidea emateko. Oraingoz ez du halakorik egiteko prestutasunik azaldu, ordea, Armeniak, eta salatu zuen Azerbaijan indarrez konpontzen saiatzen ari dela arazoa, eta Erevan eta Karabakh Garaiko aldebakarreko kontzesioak itxaronez. «Aukera hori baztertuta dago», azpimarratu zuten.

Horiek horrela, ikusi beharko da aukera errealik sortzen den negoziazioei bide emateko. Bitartean, bi herrialdeen arteko erasoek jarraitzen dute Karabakh Garaian, eta azken orduetan larriagotu ere egin dira horiek.Gutxienez Armeniako 54 militar hil zituzten herenegun, eta bi aldeetan ehunka hildako eragin dituzte egunotako borrokek, tartean zibilak. Egoera horretan, eskualdeko paisaian ez da oraingoz su-etenik usaintzen.

Turkiaren esku hartzea

Turkia Azerbaijanen alde lerratu da hasieratik, eta hura da haren aliaturik nagusiena. Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak adierazi zuen buruzagi politikoen deialdia «onartezina» dela, eta Minskeko taldeari ia hiru hamarkadatan arazoa konpondu ez izana leporatu zion. «Aurretik [Armeniak] lurralde okupatuetatik irten behar du; horrela iritsiko da bakea». Armeniaren okupazioaren aurrean isiltzea «hipokritena» dela ere esan zuen. Haren arabera, borrokek jarraituko dute eskualde independentea «askatu arte».

Bestalde, Armeniak borroketan «mertzenario terroristen» laguntza erabili izana egotzi dio Azerbaijani. Azken horrek, ordea, ukatu egin du Erevanen salaketa.

1994an su-etena hitzartu zutenetik, maiz izan dira Armeniaren eta Azerbaijanen arteko liskarrak, Karabakh Garaiaren gaineko kontrola dela eta.

Lurraldeak gehiengo armeniarra du, eta, bake akordioak hitzartu zituztenean independentzia aldarrikatu bazuen ere, nazioarteko herrialde bakar batek ere ez du hori onartzen; ezta Armeniak ere, nahiz eta haren laguntza duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.