Mikele Landa.
LARREPETIT

Txaletak

2018ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Hiritik irten eta landa eremuan barrena aitarekin kotxean noanean, usu zenbatu ohi ditugu bide bazterretako baserri berriak. Aste batetik bestera eraikitzen dituzten horietakoak dira gehienak, piezaka muntatuak, prefabrikatuak. Aitak baserri-txalet legez izendatzen ditu. Forma, kolore eta itxurari erreparatuz euskal tradizioa darie erpin guztietatik. Altzairu, usain eta bizitzek, hau da, barrenek, ordea, zerikusi gutxi dute abere eta ortuek jaten ematen dieten baserri horietakoekin.

Astea esnatu berritan jakin dugu Iñaki Urdangarinek zein kartzela aukeratu duen epaileak ezarritako kondena betetzeko. Oraindik espetxe zaintzaren idazkaritza nagusiak bere oniritzia eman beharko du erregearen koinatuak hautatutako ziega behin betikoa izan dadin. Baina, hedabideetan irakurri eta entzun ahal izan dugun bezala, badirudi hala izango dela honen segurtasun eta lasaitasuna direla medio. Denon ahotan (eta txiotan) dabil Brievako emakumeentzako espetxea eta bertako gizonentzako modulua. Roldanek hamar urtez izan zuen bizitoki eta ordutik hutsik egon dira ziega, sukalde, patio eta gimnasio. Astelehenetik Palmako duke ohiak inorekin ere elkarbanatu beharko ez dituenak.

Ahaztu gabe kontuan izanik kartzela beti dela kartzela. Askatasuna giltzapetzean datzala bere funtzioak. Ez dut giltzapeko zigorretan oinarritutako justizia sistemaren apologiarik egingo. Baina, begi bistan geratu da antzaz existitzen dela espetxeen arteko txaleta, kartzela-txaleta. Aitak eta biok kotxeko leihatilatik baserri batzuk besteengandik bereizteko gai garen bezalaxe; agerikoa da, Urdangarinen egungo bizitokiaren nolakotasuna gainontzekoenen alboan nabarmentzen dela.Eta iraingarrienak ez datzagela kopuruetan, metro karratuetan edo gimnasioko makinetan, horrek sinbolizatzen duenean baizik. Balantzaren desorekan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.