LARREPETIT

Periferiko, erdigunean

Maddi Ane Txoperena Iribarren -

2018ko urriak 17
Oreina filma ikusten izan ginen joan den asteazkenean Donostiako Parte Zaharreko zineman. Ogitarteko bat jan hotela eraiki gogo duten hiriko ostaturik kuttunenetakoan, eta 22:45eko saioan sartu ginen lau lagunak, euskarazko film on batez gozatzera. Gelan hamar lagun baino gutxiago izanen ginen, eta apustu eginen nuke guztiak ginela euskaldunak. Agian, ni bezala, hein bat euskal zinema sustatzeagatik joanak, hein bat filmarekiko kuriositatez, edo lagunekin gau eder bat pasatzeko gogoz, bertzerik gabe.

Ez naiz sartuko filmaren balorazioan, deus gutxi baitakit zinemaz, baina irakurri ditudan kritiketatik eta Koldo Almandoz zuzendariaren beraren hitzetatik aditua dut egunerokotasuneko bizitzako pertsona arrunten eta paisaia zein jende periferikoen bila aritu direla irudi eta pertsonaien bidez.

Periferiaren kontzeptua modan dagoen honetan, bertze periferia batzuetan izan nuen nik burua filma hasi baino lehen, igaro bitartean eta bukatu ondotik. Txarteldegira bertara joaterakoan ikusi nuen lehena: film guztietako izenak normal zeuden, beren jatorrizko izenez, eta atzizkirik gabe. Oreina-ren kartelean, berriz, azpian gaztelerazko Ciervo, eta txartelean V.O.S. akronimoa; atzerriko filmak jatorrizko bertsioan eta gaztelerazko azpidatziekin ematen dituztenean jarri ohi dutena, alegia.

Filma hasi zenean ulertu nuen erranahia: pertsonaiek euskaraz hitz egiten zutenean gaztelerazko azpidatziak geneuzkan aldi oro begipean, irudien trabagarri, baita Ramon Agirreren pertsonaiak frantsesez hitz egiten zuenean ere. Gaztelerazko elkarrizketak, aldiz, batere itzulpenik gabe zeuden, filtrorik gabe. Ez zidan batere graziarik egin, eta zer pentsatua eman, aldiz, anitz. Bertzeak bertze, euskal filmak arrotz gisa hartuak direla, zer eta Donostiaren bihotzean. Alegia, eta modan dagoen hitza erabiliz, euskara periferikoa dela, baita zentroan ere.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna