maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Martxa

2018ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Emakumeen Mundu Martxa XI. nazioarteko topaketa egiten ari da asteon Bilbon, Batu indarrak, urrutira goaz lelopean. Mundu osoko herrialde ugaritako emakumeak ariko dira aste osoan zehar bilduta, eztabaidan, eta mundu martxaren aurrera begirako jarduna erabakitzen.

Bilerak itxiak izan arren, herritarrentzako irekitako ekitaldi, solasaldi eta kultur eskaintza ugari prestatu dute igandera arte, eta astelehenean egindako harrera ekitaldira joateko zortea izan genuen guk. Areatzatik abiatu ziren dozenaka emakume; kolore, forma, kultura eta hizkuntza askotakoak; bandera feministak eta bestelakoak airean, eta Euskal Herriko bost neska gazteren trikitixaren doinupean. Ez zuten ezaguna izanen airea, baina segituan hasi ziren dantzan eta kantuan hangoak eta hemengoak. Inbidia puntu bat eman zidaten, eta gogoratu, zeinen aspergarriak izan ohi diren gure protestak—justu-justu egiten baitugu oihu, eta dantza gutxi—, eta zein alai eta entretenigarri bihur ditzaketen urrats batzuek melodia soilak («Ezin bada dantza egin, hau ez da nire iraultza»).

Ekitaldian, berriz, Euskal Herriko Mundu Martxako emakumeek eman zuten irakaspena. Bi ordu pasako ekitaldian askotariko dantza, bertso, proiekzio eta solasaldiak, baina folkloretik harago baita testuinguruaren kokapen ederra ere: Euskal Herrian gaudela, zein estaturen menpean, eta gatazka oraindik konpondu gabe («Hau ez da gure bakea»). Ekitaldiaren beraren eta bertako euskarri guztien hizkuntza ere txalogarria: guztia egin baitzuten euskaraz —Graça Samo koordinatzaile mozambiketarrak izan ezik, nahiz eta kaixo ere esan zuen— bat-bateko itzulpen sistema guztien belarrietara iristen zela, baita zeinu hizkuntzako interpretazioa begietara ere.

Lan ederra egiten ari dira Euskal Herriko feministak, eta erakusten, feminismoa ez dela borroka sektorial soil bat. Herri egiteko ere balio duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.